Historia
ARIZMENDI ikastola XXI. mendean sortutako hezkuntza-kooperatiba euskalduna da, baina bere sustraiak XX. mendean daude, 1967an, hain zuzen. Urte horretan, Leintz bailarako hezkuntza euskaldunaren bailarako inbentorea, lehen ikastola, San Frantzisko Xabier izenekoa, Arrasaten abiatu zen. Segidan, Aretxabaletan (1968) eta Eskoriatzan (1970) Loramendi eta Jose Arana ikastolak izan ziren udalerri horietako hezkuntza euskaldunaren aitzindariak.
Ikastola horien eraginez, Leintz bailarako ikastetxeen eskaintza aldatzen hasi zen: Almen ikastetxeak ikastola bihurtzeko pausuak egiteari ekin zion (1972-73), baita Ume-Zaintza haurtzaindegiak (1980-81) eta San Viator ikastetxeak ere (1981). Eskualdean zeuden ikastolen interakzioa errazteko, Hezibide Elkartea eratu zen (1971) eta hortik eskola-ekintzak koordinatu zituen. Nekez uler daiteke ARIZMENDI ikastolaren sorrera, Hezibide Elkartea eta honen lana kontuan izan gabe. Ekarpen handienetakoa 1981-82an egin zen, kooperatiba integralak bihurtu zirenean. Hain zuzen, Jose Mari Arizmendiarrieta kooperatiba-mugimenduaren aitzindariaren “ezer esateko duten guztien ekarpena kontuan hartzea, konplizitatea bilatuz” printzipioa aplikatuta, ikastola bakoitzak hiru bazkide-motako kooperatibaren jantzia hartu zuen: gurasoak, profesionalak eta laguntzaileak.
Leintz bailarak, unibertsitatera bitartean, planteatzen zituen hezkuntza-eskaerei erantzun euskaldun, kooperatibo eta bateratua emateko asmoz, ARIZMENDI ikastola martxan jartzea erabaki zuten Hezibide Elkartean biltzen ziren ikastolek (1999), hezkuntza-proiektu berriaz eta bigarren mailako kooperatibaren formulaz. Bategite juridikoa eta pedagogikoa izan dira XXI. mendeko lehen hamarkadaren xede. Bigarren hamarkadaren erronka, berriz, 2020ra bitartean, Leintz bailaran ikastola eredua garatzea da. Alegia, ikaslea bizitzako egoerei erantzuten dion pertsona euskaldun kooperatiboa izan dadin, hezkuntza eta eskola berrituak gorpuztu nahi ditu ikastolak.