
Espainiako Kongresuan Estatuaren gobernuak bere hezkuntza-legearen proiektua tramitaziora sartu du. Testua 2019ko otsailean sartu zuen testu berbera da. Presaka dabilenaren seinalea. Unidas-Podemos eta PSOE gobernu kideek, dirudienez, 2019ko testu haren gainean egin beharreko zuzenketak hitzartuta dituzte eta, horrela, aurreko legealdiaren proiektuak berak ez dauka zertan beste tramite batzuk bete beharra. Bizkor joan nahi dute.
Konstituzioa (1978 urtea) indarrean denetik zortzigarren hezkuntza-legea izan liteke LOMLOE hau (Ley Orgánica por la que se modifica la Ley Orgánica de Educación de 2006). Alegia, Wert ministroaren garaian Kongresuak onartu zuen LOMCE desegin nahi duen legea izango da LOMLOE, baina PSOEk 2006an onartu zuen LOE oinarri duena, dagozkion doikuntzekin.
Hedabide honetan bertan aurrez, 2015ean, idatzia genuena berriro ere gertatzen ari da oraingoan. PSOE edo PP Moncloako jauregira heltzen diren sasoi bakoitzean beren obsesioei, bakoitzak bereari, noski, bide ematen diote, Espainiako hezkuntza-sistema ordenatzeari ekiten baitiote. Oraingoan PSOE dator, Unidas-Podemos eskutik dakarrela.
Lege proiektu honek Kongresuan egingo duen ibilbidean izango dituen zuzenketak ezagutzen ditugunean balorazio finagoak egiteko datu gehiago baliatuko baditugu ere, Moncloako gobernuak aurkeztu duen testuan ondoko ikuspegiok nagusitzat jo eta seinalatzen dituela dio: (1) Haurrek dituzten eskubideak Lege honen printzipioetan txertatzea; (2) Genero berdintasuna indartzea hezkuntza-etapa eta aspektu orotara hedatzeko; (3) Ikasleen emaitzak hobetzera zuzendutako neurriak; (4) Agenda 2030ean ezartzen denaren baitako garapen jasangarria eta munduko hiritarra zainduko dituen heziketa bideratzea; eta (5) Urteotan zehar gizartean orokortzen ari den aldaketa digitala kontuan hartzea.
Zuzen edota zeharka adierazi, azpimarratu eta seinalatu egiten dituen hamaika aspekturen gainetik, alabaina, Lege proiektuak eta LOMCEk intentzio komuna dute: Espainiako hezkuntza-sistemak munduko eta Europako beste hezkuntza-sistemekiko agertzen dituen emaitza txarrak murrizten joatea. Hain zuzen, porrotaren adierazleak minimizatzea: 16 urteko adina bete gabe eskolatik ihes egiten duten nerabeen kopurua jaistea, 16 edo 17 urterekin Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean titulazioa (gradua) lortzen duten ikasleen kopuruak igotzea, Lanbide Heziketara (Oinarrizkora eta Erdi Zikloetara) doazen ikasleei ikasten jarraitzeko zubia erraztuko dien titulazioa ahalbidetzea eta mundu mailako neurketa egin eta erakusten duten PISA datuetan (irakurketan, matematikan eta zientzietan) hobetzea.
Arreta piztu arazten duen beste aspektu bat alderdi organizatiboa da. PSOEk 1985ean egin zuen LODE (Ley Orgánica reguladora del Derecho a la Educación), Maravall ministroaren garaikoa, zenbait puntutan berrartzen du ñabardurak txertatzeko eta beste zenbaitetan Estatuaren gobernuaren konpetentziak azpimarratzen ditu. Esan daiteke hezkuntza-sistemaren barruan gobernu zentralaren eta, bide batez, autonomikoenaren kontrola areagotzea bilatzen ari dela, bereziki itunpeko ikastetxeek (kontzertatuek) burutu behar duten zerbitzu publikoa dela eta. Seguru asko, aspektu honek hainbat hika-mika eragingo ditu edota Legea onetsi ostean ebatziko diren Errege Dekretuetan islatuko dira.
Ebaluazioaren gakora bueltatuta, gogora ekarri behar da, ezinbestez, Espainiako Konstituzioaren 149. artikuluak Estatuko Gobernuari esleitzen dizkion konpetentzia esklusiboen artean zera jasotzen dela: Regulación de las condiciones de obtención, expedición y homologación de títulos académicos (…) Hemen dago Estatuaren hezkuntza-indarraren muina. Hauxe da. Espainiako hezkuntza-sistema bakarra izatera behartzen duena, Espainiako hezkuntza-funtzionario publikoen egiturak Espainiako eskola publikoaren eredua bakarra izatera kondenatzen duen bezala.
Hainbat ikastetxek beren eraldaketa orotarikoaren barruan pedagogikoa egin dezaten, ebaluazioaren gakoa beren esku behar dute, nahita ez, edota sikiera mugalari jardunean aritzeko aukerekin behintzat, arkitektonikoaren arauen mugak gainditzeko egin behar diren bezalaxe.
Gako horren bila jarrita, PSOEk aurkeztu berri duen testuan, ez oso era ausartetan, baina bai esaldi apal zenbaitetan, bestelako ebaluazio mota bideratu dezakeen intentzioa antzematen da. Betiko ebaluazio kalifikatzaileari noraino bizkar emango dion ikuskizun dago, hala ere.
Behin LOMLE hau onetsi eta gero, Moncloako gobernuak Errege Dekretuak prestatu beharko ditu LOMLE garatzeko. Bereziki, Oinarrizko Curriculuma ezarriko duen dekretua. Une honetan indarrean dagoen 1105/2014 dekretuak bere seigarren xedapen gehigarrian ezartzen duen ebaluazio kalifikatzailea (ez-nahiko, nahiko, bikain … edo zerotik 10erako zenbatekoak) albora utzi eta ikasleen ikaskuntza baloratuko duen ebaluazio hezitzaileari eta orientatzaileari bide ematen dion edo ez ikusiko da.
Ea LOMLE honek horretarako helduleku pedagogikoa esekita uzten duen!!
J.Iñaki Etxezarreta, zuzendari nagusia.
TALAIATIK IRITZIA: 2020-03-27 PUNTUA