BERRIAK

LOMCE, Eusko Jaurlaritza … eta ikastola

Pertsonari, haur edo nerabe, ikasle ikusi aurretik, begiratzen dion hezkuntza-motari gure OK. Hortik abiatuta, bizitzarako prestatzen ikasleari laguntzen dion adimen-lanketari gure bultzada. Pertsona sortzaile eta konpetente hori ikaskuntza aktiboaren, kooperatiboaren eta interakzio sozialaren motor bezala garatzen duen pedagogiari gure ekimena. Horiekin batera, kultura euskalduna, tokian tokikoa eta unibertsala, zuztar duen identitateari gure bihotza. Eta hori guztia autoeraketaz, entitate kooperatiboan, egiten duenari gure arima.

Adierazle horiek lirateke egungo ikastolak erronka dituenak. Guri, Leintz bailaratik geurea egitea dagokigu: norbera izaten eta eratzen dakien pertsona, bailarako interakzioan sortzen, ekoizten eta kooperatzen dakien herritarra, eta pertsona zein herri libreen Gizadiaren alde arituko den leinztar euskalduna.
Ez gara bakarrik bizi, eragile juridiko eta politikoek mugatu egiten gaituzte eta ikastolok mugalari izaten ikasi dugu. Gure hezkuntza-adierazleok ez dira Espainiako Estatuaren agintarienak. Alderdi Popularra (PP) Moncloako jauregiak islatzen duen boterera heltzen den bakoitzean, bere obsesioetako bati bide ematen dio: Espainiako hezkuntza-sistema ordenatzea. Beste horrenbeste egin ohi du Alderdi Sozialistak (PSOE). Horren ebidentziak dira azken hogeita hamar urteetan Madrilgo Gorteetatik atera dituzten legeak: LODE, LOGSE, LOPEG, LOCE, LOE… LOMCE.

Zer dute horrenbeste lo egiteko, bai PPk, bai PSOEk? Bistakoa da euren arteko desadostasuna. Hans, Schneider eta Rosello adituek (1988) hezkuntza-sistemaz egin zuten definizioari erreparatuta, –“hezkuntza-sistema Estatua gobernatzen dutenen ikuspegi juridiko eta pedagogikoen sintesia instituzionala da–, ondorio bakarra atera dezakegu Espainiako kasura etorrita: Espainiako Konstituzioa 1978an onartu zenetik, Espainia gobernatu duten alderdiak ez datoz bat ikuspegi pedagogiko eta juridikoetan.
Baina Estatuaren indarra baliatzen dute. Hego Euskal Herrira etorrita, hain zuzen, nekez esan dezakegu hezkuntza-sistema propioa dugunik. Hezkuntza eremuan ahalmen politiko osoak EAEn eta Nafarroan ditugula diogunean, ez gabiltza fin, ez da zuzena. Espainiako Estatuak bere Konstituzioan gordea du beretzat, besteak beste, giltzarri den ahalmena: tituluak ematea. Espainiako edozein ikaslek egiten dituen ikasketek balio akademiko-legala izateko, titulua eman dezakeen bakarra Estatua da, beste inor ez. Horra hor Estatuaren indargunea.

Hala ere, ikastolek hezkuntza euskalduna asmatu eta garatzean, frankismoaren garai zailetatik egungo Konstituzio erregimenaren sasoira, hezkuntza-sistema izatera heldu ez den baina hezkuntza-eredu propioa dena eraiki dute. Zertan datza eredu hori? Printzipio sinple batean: Ikastola dugu euskaldunon autoeraketa hezkuntzan. Botere publikotik eta erlijiosotik at bere burua gobernatu eta beste batzuekin batera bere hezkuntza-ibilbidea egiten duen kultura euskalduna. Hezkuntza-kooperatiba euskalduna.
Ikastolek ikasleen agiri akademikoa –titulu ofiziala– lortzeko kontrola pasatu beharrean gaude. Jaurlaritzak curriculum dekretuetan ezin duen bezala, mugalaria ez baita, ikastolok geure curriculuma sortu dugu, pedagogia eta metodologia propioekin, liburuak eta ikas materialak geureak, geuk egindakoak, ikertu eta garatu ditugu, formazio eta ebaluazio sistemak antolatuta ditugu… baina geure ikasleak prestatu behar ditugu titulu legala eskura dezaten.

Horrek ez gaitu sobera kezkatu behar, hezkuntza euskaldunak emaitza akademiko onenak agertzen baititu Espainiako estatistikan. Eta maila horri eutsiko diogu. Horregatik, gure bidea bestelakoa da: hezkuntza diferentea garatzea, eskola diferentean. Eredu propioa. Euskaldunen autoeraketa hezkuntzan. •