BERRIAK

LOMCE, eta zer?

Xabier Lete zenak “Haizea dator Ifarraldetik, hego berotik ekaitza” zioena ez da LOMCEren kasuan betetzen. Madril hegoaldetarrean sortu eta garatzen ari diren Hezkuntza Legea, Partido Popularraren eskutik datorkigu euskaldunoi, antzeko beste hamaika arau bezala, problemak konpontzeko izan ordez, bazterrak gehiago endredatzeko balio izango duena. Beste ezertarako ez, tamalez.

Ikastolen historia, hezkuntza euskaldunaren inbentoa eta garabidearen historia den heinean, LOMCE eta honen aurreko hezkuntza-lege erasotzailez beterik dago. Baina, eraginik izan badute ere, ezin uka, sasi horien gainetik hegan egiten, askatasun haizea baikinan, badakigu, jakin ere.

Bi lanabes, ezin eraginkorragoak, baliatu izan ditugu: geure curriculum propioa eta hori kudeatzeko erakunde propioa. Alegia, Espainia eta Frantziako estatuek ezarri nahi dituzten ereduen alternatiba: hezkuntza diferentea eta eskola diferentea.

Arizmendi ikastolak, Leintz bailarako hezkuntza-kooperatiba euskalduna izanez, bere Egitasmo Pedagogikoa eraikiko du, bere historian metatu duen hezkuntza-ondarearen gainean, ez Madrileko Gorteen edota Gobernuaren gurariaz, ikaslea hezkuntza-prozesuaren erdigunean jarriz eta honi laguntzen subjektu aktibo izan dadin, bizitzako egoerei erantzun diezaien pertsona euskaldun kooperatibo lez.

Gainerakoa, hegoaldetik datorren haize hutsa da.