
Maiz, profesionalen lansari kontuak direla eta, irakurri eta hizpide izaten dugu gizon eta emakume arteko alde nabariegia gertatzen dela, gure eguneroko jardunean horrelakoei gehiegi erreparatzen ez badiegu ere. Ez da oso urrutira joan behar, testuinguru hurbileko gizartearen baitan suertatzen diren hamaika injustiziaren zerrenda luzean agerian agerikoa zaigu desberdintasun hau. Hain zuzen ere, ogibide berean jardun arren, eta lanpostu edo eginkizun bera bete arren, ordainetan lansari desberdina pairatzen da, beti emakumearen kaltetan. Irakurri gehiago.
Datuetara etorriz gero, kontsultatzen diren iturrien arabera zertxobait aldatzen bada ere, emakumeek %22 gutxiago kobratzen dute, indarrean dauden legeek hori galarazi arren, antza. Azterlanotan ari diren adituek diotenez, datuak lortzea ez zaie erraz suertatzen, enpresa askok jakin baitakite lansarietan diferentziak egiteko oso arrazoi eta argudio zehatzak behar dituztela, lanpostuan profesional batek izan dezakeen eskarmentu edo esperientzia edo eraginkortasunetik haratago. Horien okerrik ezean, generoaren gaineko injustizia, beste hainbatetan bezala, bistakoa suertatzen da lansarien desberdintasun justifikatu gabea.
Badira, ordea, gizartearen eremu jakin eta zabal batzuk besterik adierazten dutenak. Administrazio publikoek eskaini edota finantzatu dituzten zerbitzuetan ari diren langileen alorrekoak, esate baterako. Horien artean Hezkuntza zerbitzua dugu. Nekez aurkitu ahal da lanpostu mota berean ari diren irakasleek, gizon edo emakume izanik ere, lansari desberdina izango dutela. Kasu orotan egon litekeen alde bakarra antzinatasunak eragin lezake. Ezta irakasle batek beste batek baino trebetasun eta gogobetetze handiagoak erakusten dituenean ere.
Eztabaida, alabaina, bestelako arlo batean lekutzen da; ondoko galdera honen baitan, alegia: zergatik Haur Hezkuntzaren besoetako umeekin edota 3 urtez azpiko haurrekin ari den hezitzaile batek, berdin dela gizon ala emakume izatea, Haur Hezkuntzaren 3 urteko adinetik gorako umeekin ari den irakasle gizon ala emakume batek baino gutxiago –askoz gutxiago– kobratzen du, askoz lanordu gehiago eginez? Eta ildo berean jarraituz, zergatik Lehen Hezkuntzako irakasle batek Bigarren Hezkuntzako irakasle batek baino lansari txikiagoa jasotzen du, genero mailako alderik izan gabe? Eta sekuentzia osatzeko, zergatik horiek guztiek ordainsari txikiagoa dute Unibertsitate eremuko irakasleen ordainsariarekin alderatuta?
Lansarietan gertatzen den genero bereizketa orokorrak bezala, Hezkuntza eremuan hark badu bere isla propioa: zenbat eta adinez txikiago ikaslea izan, orduan eta estimazio kaskarragoa du heziketa lanak. Ez al dugu, ordea, esaten egungo Zientziak Haur Hezkuntza bereziki balioan jartzen duela? Gure hezkuntza-prozesuan, jaio garen unetik lehen sei urteetan garapenik inportanteenak egiten ditugu eta horietan irakasle hezitzailerik onenak behar ditugu, bokazioz, jakinduriaz, praktikaz eta… ondo ordainduak. Gizartean bizi ditugun kontraesan askotarikoen artetik beste bat gehiago. Badugu horretan ere zer eraldatua!
Hezkuntzan diren lansarien gaineko desberdintasunen haritik tiraka segituz, bistakoa beste injustizia bat: lanpostu berean ari diren irakasle gizonezkoek zein emakumezkoek, ikastetxe publikoan ala ikastetxe kontzertatuan arituz gero, bizi dutena. Bai, gobernuak ordaintzean, ikastetxe publikoan ari den irakasle bati ikastetxe kontzertatuan ari den irakasleari baino lansari handiagoa ematen dio, lanpostu eta egiteko berberak izan arren. Euskal Autonomia Erkidegoan %5eko diferentziaz bereizten ditu Administrazioak, hain zuzen ere. Nafarroan, beste horrenbeste. Ez, aldiz, Iparraldean, hemen ikastetxe publikoetako irakasleek eta contrat d’association (kontzertua) duten ikastetxeetako irakasleek (Seaskak, adibidez) lansari bera baitute.
Hezkuntzak dituen giza eta gizarte erronkak eraldaketari atxikiak baldin badira, bereizketarik gabekoak, berdinkide eta batera biltzaile agertuz eta jokatuz, horretan diharduten profesionalek, irakasleek, pareko lan baldintzak behar dituzte, lansariei dagokienez, bereziki. Generoaren baitako lansari diskriminazioa deitoragarritzat jotzera gero eta herritar gehiago heldu bagara, badu artean ibili beharreko bidea irakasleen arteko lansari diskriminazioa ezerezean uzteraino.
Eraldaketa sozialaz aritzen gara han eta hemen, egunerokotasunean diren eraldatu beharrekoei sarri erreparatu gabe eta inportanteak diren fenomeno mediatikoei begira soilik. Itsuarena egin nahi ez badugu, behintzat, begi bistan ditugu, parez pare, pertsona ororen berdintasunean irabazi beharreko esparruak eta eremuak. Batzuk lege egileen esku daude. Beste batzuk legeak aplikatu eta gobernatu egiten dutenen esku dira. Baina beste asko, berriz, herritar soil garenon gogo, ekimen, erabaki eta gestioaren baitan ditugu.
J.Iñaki Etxezarreta, zuzendari nagusia.
TALAIATIK IRITZIA: 2019-06-14 PUNTUA