BERRIAK

Isabel Celaak Mediterraneoa deskubritu du

“Ikastetxe guztien curriculum komuna ezin da ikastolena izan” dio Isabel Celaak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburu ohiak eta orain PSOE-PSEren hezkuntza-gaietan buruzagiak, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburua den Cristina Uriartek “Heziberri 2020” planteamendua aurkeztu berri duenean, LOMCEri aurre egiteko. Bistan da: ikastola guztiek, kristau eskola guztiek eta ikastetxe publikoen sektore batek adostu zuten Euskal Curriculuma ez zaio gustatzen Isabel Celaari.

Baina tranpa egin du. Ahaztu du Euskal Curriculuma adostu egin zela, ikastetxe gehienek (%60k) onetsi egin zutela eta berak agintzen zuen garaiko curriculum ofizialaren testua Euskal Curriculumean oinarri duela. Ez Espainian, ez Frantzian, ez inongo europar estatuan gertatu ez dena, Euskal Autonomi Erkidegoan suertatu dela: ikastetxeek beraiek ikertu, diseinatu, eztabaidatu eta adostu egin dute garatu nahi duten curriculuma; eta, ondoren, Administrazio Publikoak berea egin du.

Harago joan da, ordea, kontua: Euskal Curriculumak bere ikas material propioak ditu, Euskal Herriko ikastetxe askok erabiltzen dituztenak, hain zuzen. Eta, bai, ikastolak aitzindari izan dira prozesu horretan. Izan ere, zerbaitegatik dira hezkuntza euskaldunaren inbentore eta Herri honen hezkuntzan autoeraketaren eredu: Ikastola eredua, alegia.

Arizmendi ikastolak badaki, jakin ere, oraindainoko bideari jarraipena eman behar diola, gainerako ikastolek bezala, Leintz bailaran eta Euskal Herrian, mundu zabalari irekita, hartara, bere identitatean, beren ikasleen irteera-profilean, bere pedagogian eta bere jardun kooperatiboan sakondu eta etengabeko berrikuntza praktikatu egin behar du, egiten ari da. Ez dago beste biderik, Ikastola eredua izaten segitu nahi bada.

Werten eta Celaaren aurkikuntza mediterraneoei ikastolon inobazioa aitzineratzen zaie.