BERRIAK

Iparra: Arizmendi 2020

Berrikuntza da ikastola ororen ezaugarri berezigarria, kooperatiba-esperientzia ororena bezala. Hirurogei urte bete dira ikastolek hezkuntza euskalduna sortu eta hedatu zutela, eta kooperatibagintzaren lehen ideiak Jose Maria Arizmendiarrietak jalki eta motorizatu zituela. Euskara, euskal nortasuna, norbanakoa, komunitatea, giza ekintza, lana eta elkartasuna batuz eraldaketa soziala bilatu zen eta praktikan jarri zen.

Nekez uler daiteke, gaur eta hemen, Leintz bailarako hezkuntza euskaldunaren eta ekonomia sozialaren garabidea Arizmendi Ikastolak (Almen, San Frantzisko Xabier, Jose Arana, Loramendi, Umezaintza eta San Viator historikoen oinordekoa) eta MONDRAGON kooperatiba-taldeak egindakoa kontuan hartu gabe, errealitate hori hasierako ideia haien asmapen, inplementazio, garapen eta hedapen sozialaren fruitua baita.

Esan dugunez, Berrikuntza da gure ezaugarri bereizgarria, eta MONDRAGON bere barne gogoeta egiten ari den bezala, Arizmendi Ikastola Koop. E. ere bai. Bizi dugun giroa, gizartean zein ekonomian, eta horrek planteatzen dizkigun erronkak hor aurrean ditugu, gure erantzun inteligentearen zain. Etengabeko berrikuntza praktikatzen ari gara, bai, baina horrek hezkuntzan, bereziki hezkuntzan, besterik exijitzen du: Ikastola osatzen dugun guztion arteko jostura, komunitatea, erronka jakin bat partekatzen duten pertsonen komunitatea, hain zuzen ere, tinkotzea, ados jartzea eta ilusionatzea.

Horixe bera da Iparra: Arizmendi 2020 proiektua. Ikasleek, gurasoek, profesionalek, kolaboratzaileek eta ingurumarian ditugun eragile herritar, instituzional eta ekonomikoek esku hartuz, Zer nolako Arizmendi Ikastola gura duzu 2020 urtean? galdegaiari erantzun konpetente eta adostua ematea.

Eta gauden garaian gaudela, orain dela hirurogei urte ez bezala, ditugun baliabide propioak, kooperatiboak eta goi mailakoak erabiliz egingo dugu. Hartara, azken urtebete eta erdian zehar Mondragon Unibertsitatearekin, bereziki HUHEZIrekin, saiatzen ari garen elkarlan eraginkorra frogatzeko, MONDRAGON taldearen barruan egitasmo bat bultzatzen ari gara: XXI. mendearen lehen laurdenean, eta gure testuingurua kontuan izanez, eraldaketa soziala eragingo duen hezkuntza kooperatiboaren bisioa ikertzea.

Horretarako, lehen urratsa Iparra: Arizmendi 2020 proiektua da, eta ondoko hauek dira batzen dituen osagaiak, laburbildurik:

Xedea

Arizmendi Ikastolak, hezkuntza-kooperatiba gisa, Leintz bailarako hezkuntza-eragile izanez eta XXI. mendearen lehen laurdeneko ikusmiraz, zer nolako hezkuntza-premiak dituen jasotzea eta, horiek ordenatu eta kontrastean ipini ostean, Arizmendi Ikastolaren egungo hezkuntza-jarduera eraldatuko duen inplementaziorako lehentasunak identifikatzea, Arizmendi Ikastola osatzen duten kide guztien izaera komunitarioa indartuz.

Urratsen aurreikuspena

① Arizmendi Ikastolarekin harremana duten kanpo eragileen iritzi kualifikatua jasotzea (banan-banako elkarrizketa): IKUSKARITZA, GIZABIDEA, MU, MONDRAGON, OTALORA, UDAL TEKNIKARIA, ALKATEA, IKASTOLEN ELKARTEA …

② Arizmendi Ikastola osatzen duten barne eragile jakin batzuen arteko kontraste kualifikatua (Focus Group) jasotzea: IKASLEEN ORDEZKARIAK, GURASOEN ORDEZKARIAK, PROFESIONALEN ORDEZKARIAK, BAZKIDE KOLABORATZAILEEN ORDEZKARIAK.

③ Eraldaketa sozialaz eta hezkuntzaz kanpoko adituen hitzaldia antolatzea. Lekua: Amaia antzokia. Eguna: Ekainaren 2a Ordua: 17:00/18:00 eta 18:00/19:00

④ Arizmendi Ikastolaren kide guztien iritziak (inkesta) jasotzea.

⑤ Arizmendi Ikastolaren ikasle, guraso eta profesionalen ekarpenak jasotzea berariazko unitate didaktiko bat landuta.

⑥ Arizmendi Ikastolari buruz jasotako ekarpen guztien bilduma lantzea, emaitzak taldetan kontrastatzea eta hortik ateratako lehentasunak identifikatzea.

⑦ Arizmendi Ikastolaren IPARRA: ARIZMENDI 2020 agiria gizarteratzea eta ospatzea.

Lehen urratsa bete dugu, elkarrizketa indibidualena, alegia. Une honetan bigarrena hastera goaz. HUHEZI egiten ari den lan teknikoa kategoriakoa gertatzen ari da. Gure Kontseilu Errektorea hor daukagu, proiektuaren gidaritzan, ezin bestela!!