BERRIAK

Ikastola, bai; zergatik?

Behin, aldiro egiten genuenez, Andoni, Amaia eta hirurok elkartu ginen eta gure ingurumariko lagun askori entzuten geniona gure artera ekarri genuen: zer zentzu du gaur ikastolak?

Izan ere, maiz entzuten den burutazioa edo iritzia zera da: euskara eta euskaraz eskola publikoek eta kristau ikastetxeek irakasten badute, zein da eta zerk justifikatzen du ikastolaren egungo egitekoa? Ez al da ikastolaren funtzio historikoa agortu?

Horrelako elkarrizketetan ikastola-zale askok euskalduntasun izaeran eta horren garabidean soilik indarra jartzen dute. Hori da horien argudio nagusia ikastolaren defentsan.

Eta ez da arrazoi makala, ez horixe! Euskal gizarte berrikuntzan ikastolaren ekarpena begi bistakoa baita, nola euskarari balio sozial berria ematean hala identitate euskalduna jorratzean. Baina, ekarpena bikaina izan arren, horretara mugatzea aspektu bakar bati erreparatzea da. Datu falta edo ezjakintasuna adierazten du. Tamalez, euskal aberkideoi maizegi gertatu ohi zaigunez, Euskal Herrian egin eta egiten ari garenaren gaineko gogoeta eskasa agertzen dugu eta horren ondoriozko dialektika pobrea, hutsa ez esateagatik, adierazten dugu.

Beste hainbat kasutan suertatu ohi zaigunez, gure txokotik kanpo daudenek gure jarduerak argiago behatu dituzte eta horien ezaugarriak hobeto adierazi dizkigute. Esaterako, sarri goraipatzen dudan Marce Masa ikerlariak 2010ean argitaratutako Ikastolas as a Social Innovation Phenomenon: A Case Study  lanean egindakoa dugu lekuko. Horra hor Masa jaunak berak nola argudiatzen zuen ikastolen balioa:

The Ikastola phenomenon may be considered a paradigmatic example of the concept of social innovation for the following reasons: It arose within civil society; it has promoted a social meaning of Euskara that differs from how it was previously perceived; it constitutes a response on the part of citizens to a demand that had not been satisfied within the prevailing social and political context (teaching the younger generation the Basque language—and teaching them in Euskara); it has motivations, purposes, and values that are inherently social in nature (specifically, within the educational or socializing context, in its broadest sense); and, finally and most importantly, because of its innovative nature in the sense that it constitutes a challenge to or a reconsideration of the public-private educational dichotomy, and instead proposes a tripartite educational division: public, private, and social/popular.”

Alegia, Masa ikerlari jaunak ikastolari seinalatzen dizkion bost ezaugarri nagusiak labur adierazita ondokoak dira: jende artetik sortua; hezkuntza euskaldunaren inbentorea izatea; gizartearen beharrei erantzutea; interakzio sozialean aritzea; eta eredu herritara eraikitzea –ez publikoa, ez pribatua–.

Horrelako ikerketa-datuak eta bestelakoak kontuan izanez, Andonik, Amaiak eta hirurok aztergaia sakonkiago jorratzeari ekin genion. Eta erronka moduan, geure buruei hurrengo ariketa mental hau planteatu genien: hitz gutxitan esan beharko bagenu, nola azalduko genuke ikastola zer izan den? Eta segidan, ikastola iraganean izan den hori gaur egun ere ba al da? Eta, finean, ikastolak zentzu hori izaten jarraitu behar al du gerora?

Ez zen ariketa makala suertatu, alajaina. Zerrendatu eta partekatu genituen hamaika arrazoitan gako zirenak bereizi behar ziren eta elkarren arteko lotura leiala eginez kontzeptuaren definizio sendoa osatu behar zen.

Eta horrelaxe, hiru hitzetara ekarri genuen: autoeraketa euskalduna hezkuntzan. Hori bera da, gure ustez, ikastola.

Alegia, hezkuntza euskalduna inbentatu, garatu eta arrakastara azken berrogeita hamar urteotan zehar ekarri duten pertsona horiek, ikastola sortzean eta aldian aldiko egoera anitzetan egokitzean, praxian autogestio hutsa egin dute, autogestio herritar euskalduna, gehien maite dutenek, euren seme-alabak eta ikasleak, hain zuzen ere, hezkuntza hobea izan dezaten, euskalduna eta modernoa.

Ez dute beste inoren esku utzi beren erabaki ahalmena, beren buruen jabe, subiranoak, izan nahi zuten eta izaten jarraitu nahi dute: hezkuntzaren nolakotasuna –proiektua–, hautu pedagogikoa, material didaktikoa, curriculuma, testu liburu inprimatuak eta digitalak, ikus-entzunezkoak, ikerketa, ebaluazioa, irakasle hautaketa, formazioa eta garapena, eraikinak eta arkitektura, ustiapen ekonomikoa, interakzio sozial eta herritarra, lan harremanak, Kilometroak…

Subiranotasun hori bermatzeko eta bideratzeko, hau da, nor izateko eta egiteko, autogestio pertsonala eta kolektiboa konbinatzen duen entitate juridikoa baliatu dute ikastolek. Nagusiki, eredu kooperatiboa.

Mundu osoari opa diogun izatea gure Herrian ikastolok eraikitzen ari gara hezkuntza euskaldunaz eta kooperatiba bakoitzean erabakiz. Ni eta gu hartzen dituen Euskal Herria nik eta guk egiteko modua. Atzo, gaur eta bihar. Horixe baino ez da ikastolaren zentzua.

Beste hautuekiko errespetuan, noski.

Joseba Iñaki Etxezarreta (Puntua, 2018-10-05)