BERRIAK

Ikasle euskalduna, ipar eta herrigintza, ardatz

Azken boladan euskal hezkuntza han eta hemen dugu hizpide eta, Ziburuko ikastolaren kasuan, elkartasunaren lekuko. Bailarako ikastolek, Bergara, Oñati, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako hamaika herritarrekin batera, euskal herrigintzaren aldeko apustua agerian utzi dute.

Zer dugu, ordea, horrelako ekimenen motor?

Bistan da: hezkuntza propioa. Alegia, bizitzak planteatzen dituen arazoei eraginkortasunez erantzuten dakien eta erantzuten duen pertsona euskalduna, autoeratua eta kooperatiboa lortzea; eta Leintz bailaratik abiatuta, mundu zabalera irekitzen den herrigintza praktikatzea.

Espainiako eta Frantziako estatuek, XIX. mendetik hona, beren kultura nazionala landu dute, beren hezkuntza-sistemen bidez. Hots, hizkuntza espainola (gaztelania) eta frantsesa, eduki eta sinbologia homogeneizatzaileak, eta militar erako irakaskuntza nagusitu nahi izan dituzte. Hartara, eskola publikoa inbentatu zuten, funtzionario publikoak martxan jarri zituzten eta Espainiako eta Frantziako hiritar menpekoak lortzeko arau kurrikularrak ezarri zituzten.

1857. urtetik hasita, Moyano legea, Falloux eta Ferry legeak abian jarri eta gero, frankismoak Ley de Instrucción Primaria (1939), Ley de Ordenación Secundaria (1953) eta Ley General de Educación (1970) inposatu zituen. Konstituzio espainola 1978. urtean onetsi ostean, berriz, UCDk LOECE (1980), PSOEk LODE (1985), LOGSE (1990) eta LOPEG (1995), PPk LOCE (2002), berriro PSOEk LOE (2006) eta orain PPk LOMCE (2013) egin dituzte.

Errejimen politiko guztiek gura dute beren kontzepzio juridiko-politikoa hezkuntzan ezartzea. Berdin da monarkikoak, errepublikanoak, diktadurak, konstituzionalistak izatea. Haien nahia euskal herritarron hezkuntzarako arrotza da. Ikastolok, 1959. urtetik, hezkuntza euskalduna inbentatu dugu, estaturik ez duen Herria garen arren. Horretarako, ideiak garbi izan ditugu: ikaslea da guretzat inportanteena, haren gaitasunak lantzea, identitate euskalduna indartzea, munduan mugitzeko prestakuntzarik onena erraztea, nork bere burua autoeratuz, elkarlan kooperatiboaren bidez eta Herriarekin batera jardunez.

Guretzat, hezkuntza-sistemaren ardatza ez da publikotasuna, herrigintza baizik, beti ikasle euskaldunaren prestakuntza bikaina ipar izanik. Euskaltzaindiaren leloak dioena: Ekin eta jarrai.