BERRIAK

HUHEZI-MU eta ARIZMENDIren arteko kooperazioa

Pasa den uztailaren 20an, Donostiako Kursaalen, gure kooperatiba-taldearen Kongresuak aho batez onetsitako Etorkizuneko MONDRAGON proposamenean erronka jakin bat planteatzen zitzaigun: ezagutzari legokiokeen proiektu traktore bat antolatzea. Bistan denez, Etorkizuneko MONDRAGON planteamenduak agerian utzi du balio korporatiboen bizipena sendotzeko beharra, baita Eraldaketa Sozialaren balioari bultzada berri bat emateko beharra ere.
2014ko abenduaren 15eko Kongresu-saioan, Javier Sotil buruzagiak birritan jo zuen hezkuntza ez-unibertsitarioa arreta-gune eta eraldaketa-eremu garrantzitsutzat. Hitz haiek zirikatuta, Bixente Atxa, MUko errektore izendatu berria, Joxean Alustiza, Gizabidea fundazioaren lehendakaria, eta ni neu, Arizmendi Ikastolako zuzendaria, elkartu ginen eta ideiak trukatu genituen. Hamaika elkarrizketa eta bilera ostean, Begoña Pedrosa HUHEZIko dekanoak lekukoa hartu eta “Iparra: Arizmendi 2020” proiektua abian jarri zen, ikerketa sozio-edukatibo sakona egiteko asmoz, metodologian zorrotza, kooperatiba-mugimenduaren osagaietan eta estiloan sustraituta, hezkuntza kooperatiboaren eredu berria erronka harturik eta Arizmendi Ikastolak markatu duen Konfiantzaren Pedagogia bihotzean izanez.
Pentsalari eta filosofo ugarik XX. mendean zehar oinarrizko hezkuntzaren garrantziaz jardun dute. Gizarte eta ekonomia kapitalistaren tresna kontsideratu dute gehienek. Eta seguru asko zuzen ibili dira. Ahaztu egin zaie, ordea, euro-zentrismoaren antzeko gaitzak jota, kapitalaren liberalismoak bezala esperientzia komunistak zein pertsona aintzat hartzen ez duten bestelako ideologia askok ere hanka-sartze bera egin izan dutela: humanismoan oinarritutako eraldaketa sozialerako duen balio estrategikoa kontuan ez izatea. Ikastolok ondo baino hobeto dakigu. Botere politikorik gabeko nazioa izanez, euskara eta euskal kultura ardatz dituen identitatea berreskuratzeko hezkuntzak izan duen balioa praktikan jarri dugu. Autoeraketaz eta kooperazioaz. Gaur eta hemen datuak lekuko ditugu. Euskararen Herria erdal herria bilakatzeko, botereak hezkuntza-tresna baliatu badu ere, autoeraketak eta kooperazioak eragiten duten gizarte eraldaketa sozialak besterik frogatu du: posible da Euskal Herria euskaldunen nazioa izatea, euskaraz jakin eta euskal kulturaz jabeturik dagoen herritarrok gehiengoa izatea, alegia.
Hezkuntza euskalduna ikastolak inbentatu eta garatu du. Eskola publikoa eta kristau eskola, zorionez, gure nazioaren euskalduntzearen eragile ere badira, behin ere izan ez diren bezala. Ez da nahikoa. Hezkuntza kooperatiboa, ordea, dugu eginkizun. Pertsona, kooperazioa, inteligentzia eta desberdinen arteko elkartasuna dira gure erronka. LANKI talde kideek iaz ziotenez, profil zehatz bateko pertsonen sustapena bultzatu behar da:
 Beren bizi proiektuaren jabe diren subjektu kontzienteak eta protagonistak
 Enpresaren eremuan, gizartearekiko konpromisoz jarduten duen proiektu kolektibo bat garatzeko erantzukizuna hartzen dutenak
 Denon ahaleginaren ondoriozko irabaziak berdintasunez banatzen dituztenak
Ez dago hori baino konpromiso sozial handiagorik. Euskal Herriak behar duen konpromiso nazionala eta MONDRAGON taldeak bere esku duena, beti bezala aitzindari izanez, euskal lurralde eta txoko guztietara eskainiz eta mundu zabalera irekiz. Lau haizetara.
HUHEZI-MUk eta Arizmendi Ikastolak apustua egina dute. Beren inguruan MONDRAGON talde kide anitz biltzeko asmoa dute. Leintz bailara osatzen duten gizaki, gizarte eragile, botere publiko eta, oro har, herritarrak dituzte balizko lankide, eraldaketaren bidelagun. Gure nortasun berritzailetik abiatuta, eskola- eta heziketa-eredu kooperatibo berria eratu nahi da, ikasle kooperatiboa xedetzat hartuta, autogestioan oinarritutako kultura pedagogiko eta antolatzaile baten bitartez, eraldaketa pertsonala eta soziala sustatzeko gai izango dena. Leintzetik Gipuzkoa osora, Euskal Herrira eta munduko azken muturrera.
Ezagutza izan ohi da MONDRAGONen ezaugarri. Hezkuntza zaigu proiektu sozioenpresarialaren traktore. Eraldaketa sozialaren giltzarri. Pertsonaren eraldaketan gako.
Iñaki Etxezarreta – Arizmendi Ikastolako zuzendaria