BERRIAK

‘Bullying’-a eta boterekeria

Maiz mintzo gara bullying deitzen dugun arazoaz. Nire zalantza, baina, zera da: ba al dakigu zer den bullying delakoa, benetan? Eta, jabetzen al gara zer dagoen horren zuztarrean?

Ingelesetik datorren bullying kontzeptua definitzeko, testuinguru eskolarrera jotzen dugu, eta hor, ikasleen artean gertatzen den “erasoa”, “tratu txarra” eta antzeko esanahia duten terminoak baliatzen ditugu. Normalean, ikasgelaren espazio itxian edota jolasleku zabalean gertatu ohi da, lehen eta orain, eskola asmatu zenetik. Baina eremu berria du bullying-ak: telematikoa. Telefono mugikorren bidez, bereziki, baita ordenagailu bidez ere, Internetek ireki duen eremu bihurtu da horrelako erasoak egiten dituztenentzako espazio berria, eta eremu horrek ezaugarri propioak ditu, eta izen bereziak hartu ditu: ziberbullying-a, grooming-a…
Era guztietako jarrerak eta jokabideak nabari zaizkigu eraso-mota horren aurrean: “Beti izan da”; “nire ume edota gaztetako sasoian horrelakoak gertatzen ziren eta ez da horren larria”; “ume kontuak”… Sarri ezkutuan gordetzen zen erasoa izan bada ere, bizi garen gizarte mediatikoagatik eta gero eta sentsibilizatuagoa den inguruneagatik “ohiko gertaera” “problema” bilakatu da, iraganean izan ez balitz bezala.

Genero-erasoak gero eta ezagunagoak zaizkigu, eta ari dira agertzen geure gizartean ezkutuan zeuden bestelakoak ere. Pertsonen arteko erasoak direla esan dezakegu, baina denek dute konstante bat: nire hurkoa nola zapaldu. Arrazoi psikologiko labainkorretan sartu gabe, bizikidetza-arrazoiak nahiago ditut gogoeta-gai.
Norbera ez da ezer beste pertsona batzuekin interakzioan edo harremanetan aritu gabe. Gure espeziaren ezaugarrietako bat da. Den bezala nagusi eta menpeko erlazioa sortzeko joera. Esan daiteke sen bat dela. Baina, beste hamaika instinturekin egiten ikasi dugun moduan, gizakiok asmatu dugu portaera eta jokabide etikoak eraikitzen, horien gainean pertsona ororen duintasuna eta berdintasuna gainerako joeren gainetik jartzen eta dohakabe eta ahulekiko elkartasuna eta laguntza garatzen.

Eskema kultural eta sozial hori pitzatu eta txikituta uzten du gizakion arteko erasoak, bullying-a izan, genero-indarkeria izan, lantokiko erasoa izan… Gure abere izaeraren alde ilunena uzten du bistan, egoera jakin batean indarra erabiltzen dugunean –fisikoa, psikologikoa, soziala, ekonomikoa…–, parean dugun adiskidea, laguna, emaztea, lankidea edo herritarra gutxiesteko, menperatzeko, zapaltzeko: geure esanetara ipintzeko.
Denok dugu geure eguneroko bizitzan geure ahala, geure boterea, hainbat egoeratan baliatzeko aukera, jende arteko harremanetan etengabe ari garelako. Botere hori, pertsona batzuen kasuan tamainaz eta motaz beste batzuen kasuan baino agerikoagoak izanez, elkarbizitzarako indargune bilaka daiteke edo, tamalez, bullying-ean, ziberbullying-ean, grooming-ean, genero-erasoetan, lantokikoetan… bihur liteke boterekeria.

Ezin da, beraz, ostrukarena egin. Ezer ez edota ezer gutxi gertatuko balitz bezalako arinkeriarik ez! Asko dago jokoan, ume-umetatik hasita, zahartzarora helduta. Hezkuntzaren egitasmo pedagogikoak pertsona behar du ipar eta errespetua eta kooperazioa ardatz, eta hor boterekeriak ez du lekurik, konfiantzak baizik. Alegia, norberaren konfiantza, besteekiko konfiantza eta inguruan konfiantza, pertsona libre, ez menpeko, ez tirano izan gaitezen, bere buruaren jabe den Euskal Herrian. Horretarako da Konfiantzaren Pedagogia, ikastolan, etxean, lantokian eta gizartean ezinbesteko zaiguna. Lankide nahi zaitugu, herritar gazte eta heldu. Praxian. •