BERRIAK

Ausartu gaitezen

Irakurri berria dut Xavier Aragayren Reimaginando la educación liburua. Bikain idatzia eta hezkuntzaren eraldaketa amesten duen edonori aholkatzeko modukoa. Hogeita bat pasartetan banatuta dago.

Horietako bakoitzak hitz bakarreko titulua du eta edukia oso modu irakurterrazean adierazia: (1) Gelditu; (2) Bistaratu; (3) Diagnostikatu; (4) Hornitu; (5) Kidetu; (6) Harritu; (7) Planifikatu; (8) Konfiatu; (9) Komunikatu; (10) Gonbidatu; (11) Ahaldundu; (12) Pasionatu; (13) Kutsatu; (14) Amestu; (15) Sortu; (16) Berrartu; (17) Eraldatu; (18) Ausartu; (19) Gozatu; (20) Ebaluatu; eta (21) Irudikatu.

Pasarte guztiotatik gehien eragin didana partekatu nahi dut zuekin: Ausartu zaitez (Arriésgate) du izenburua eta gu subjektura ekarrita agertu nahi dut. Horrela dio:

Ez izan beldurrik. Egin dezakegu. Baina inoiz, behin edo behin, erabaki beharko dugu. Ausartu beharko dugu.

Gauza bera eginez eta errepikatu aldaketa handia lortuko dugula pentsatzea ez da zuzena. Horregatik behar dugu amets handi bat, diferentea, hezkuntza kideok elkarrekin bizi eta eraiki ahal izango duguna. Egiten eta egiten, ekintza hutsean, aritu ordez, zentzua duen norabidea izan dezagun. Horixe izango da gure xedea. Eta segidan heldu diezaiogun nola egingo dugunari.

Orduan garrantzitsuena zera da: erabakia guk geuk hartu behar dugula, beste inork ez. Kontuan izan erabakia ez hartzea ere erabaki bat dela. Beste batzuek gure ordez erabakiko dutela, alegia. Ikastetxe eta eskola asko dira erabakia hartu gabeak. Formazioa edota bestelako ekintza batzuk hasten dituzte, berrikuntza lortuko dutelakoan, baina xedea finkatzeke eta adostu gabe, eta, ondorioz, xedera heltzeko bidea –nola– zehaztu gabe. Emaitza kalapita hutsa da. Estresa handitzen da eta burua galduta ibiltzearen sentsazioa. Porrotaren aurrekoa.

Horregatik, guk geuk erabaki behar dugu, ausartu behar dugu bide jakin bat planteatzen: ustezko aurrerabidea litzatekeena, hain zuzen ere. Eta honetan ez dago bide zuzena dena edota ez dena. Egoera bakoitzak berea du. Balizko alderdi positiboak eta negatiboak zerrendatu behar dira, eta horren baitan hautu propioa sortu behar da, alderdi positiboen eta negatiboen arteko konbinazio propioa, adimentsua, eraginez.

Ikastetxe osoa hartuko duen aldaketa martxan jartzea, edo esperientzia-pilotu jakinak planteatzea, edota bien konbinazio orekatua egitea, hiru aukerek ezinbesteko baldintza behar dute: lidergoa, prozesuan zehar esnatzen eta adierazten joan diren indarra eta energia. Ez bekigu gerta guztia hartzeagatik azalekoa soilik egiten gelditzea edo erritmo geldoaz guztira heldu gabe gelditzea, erdibidean lohituta.

Beraz, aukera ugari izango ditugu, ikastetxe adina, testuinguru adina. Eta erabaki beharko da, eta sekula ez da dena argi eta garbi egongo, prozesu gogoetatsua egin arren. Behin edo behin ausartu beharko dugu. Ausart izan gaitezen!

Eta honaino helduta, konprometitu gaitezen, ikastetxea benetan eraldatzen eta erabakitzeko ordua heltzen denean. Erabaki eta erabaki, osagaiak nolanahikoa izanik ere.

Lau aholku luzatzen dizkigu Xavierrek:

-Guztiz funtsezkoa dugu ikastetxeko zuzendaritza- kideak aldaketaren aldekoak izatea. Zenbat eta gehiago, hobe. Ametsaren marko mentala partekatu behar dute, ez soilik aldaketaren aspektu formala.

-Eguneroko kudeaketa orokorraz arduratzen direnak eta aldaketa sakona zuzentzen dutenak, biak ala biak, inplikatuta egon behar dira. Uztarri berean.

-Inplementatzerako edozein bide ona izango da, gogoeta eta eztabaidaren emaitza bada, eta sakoneko eraldaketa –benetakoa eta leiala– jomugatzat badu. Ez erabakitzea beste batzuen esku erabakia uztea da.

-Behin nola egingo dugun erabaki eta gero, ezarritako norabidea mantendu beharko dugu, presioen, esamesen eta bestelako arazoen gainetik.

Xabier Aragayren hitzen, diskurtsoaren eta aholkuen oinarri-oinarrian besterik baino ez da: autogestioa, pertsonala eta kolektiboa. Gizakion subiranotasuna.

J.Iñaki Etxezarreta, zuzendari nagusia.
TALAIATIK IRITZIA: 2019-03-08 PUNTUA