BERRIAK

Arizmendi 2015-16

Ikasturte berri on, ikastola kide:

Ikasleak hasita, gurasoak martxan, irakasleak jardunean … Ikastola, oro har, oporretako kaitik abiatzen ari da, itsaso zabala den ikasturte berrian nabigatzera. Ze ibilbide egitekotan gara, ordea, aurten? Nora heldu nahi dugu eta nola?
Barku handi batean ekintza ugari egiten dira, dudarik gabe. Guztiak, beharrezkoak. Denen artean barkuaren nabigazioa ahalbidetzen da. Baina, guztiz funtsezkoa izaten dira helmuga eta norabidea. Arizmendik bere Egitasmo Pedagogikoari adostasun komunitarioa eranstea lortu behar du 2015-16an. Zuzendaritzak planteatzen duen aldaketa oso da sakona. Eraldaketa da. Eta ikastola osatzen dugunok geure iritzia emateko aukera izango dugu, eraldaketa gauzatzeko.

 
Urte gutxi dira, baina Haur Hezkuntzan Konfiantzaren Pedagogiaren eskutik eraldaketa hasia da. Orain Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan egiteko, ezinbestekoa dugu ezagutzea, iritzia ematea eta kontrastea egitea. Alegia, zer planteatzen ari garen ezagutzea eta ulertzea, lehenik. Segidan, zer iruditzen zaigun eta ze proposamen egiten ditugun. Eta azkenik, hori guztia jasota, sintesia egin eta erabakiak hartu behar ditugu.

 
Prozesu zabala, beraz. Ikastola kide guztiok esku hartzeko aurreikuspena du. Unibertsitateko profesionalek lagunduta egin nahi dugu. Horretan ari gara.
Aldi berean, ikastolako profesionalek beren Planteamendu Laborala, Arizmendiren Egitasmo Pedagogikoari eusteko planteamendu laborala, aztergai izango dute 2015-16an. Bertan, egin nahi dugun eraldaketak behar duen euskarri profesionala zehazten saiatuko dira: Langilearen profila, auto-ebaluazioa eta hautapena, dedikazioa eta lan saria, eta enplegua sortzeko eta erretiroa errazteko plana. Ez dira, ez, nolanahiko aztergaiak.

 
Arizmendiren ontziak, bistan denez, bere azken xede duen XXI. MENDEKO IKASTOLA KOOPERATIBOA adosteko prozesua izango du ikasturte honetako norabidea.
Aurrera!

Bideoan ikasturte berriari agurra.