BERRIAK

Ametsak betetzeko daudelako!

2019-20 ikasturtea abian da. Hezkuntza-erakundeen asmoak eta planak martxan jartzeko beste urte bat gehiago. Batzuek ohiko dinamika eta jarduerak kudeatzeari ekingo diote. Beste batzuek, berriz, egitasmo berezia praktikan jarri nahiko dute.

Arizmendik bere ametsa errealitatea bihurtzeko ahaleginean dihardu. Ikasturtearen lehen unetik hasita eta datorren urteko abuztuaren azken egunetarainoko plan berezia prestatu du. Hezkuntza euskalduna, ikastola, asmatu zenetik orain arte egin ez den eraldaketari erantzun nahi dio: Nerabe aroa hartzen duen ikaskuntza prozesua. Alegia, 12 urteko mutil eta nesken mailatik 16 urtekora bitartekoa.

Plan berezi hori esplikatzeko, Arizmendi osatzen duten guztiei zuzendutako bi produktu ekoitzi ditu, pasa den ikasturtean zehar egin duen dinamika kolektibo zabal baten emaitza gisa: ideia jasotzen duen bideoa eta ideia zehazten eta argudiatzen duen liburuxka. Biek lelo bat dute komunean: Ametsak betetzeko direlako!

Liburuxkaren edukiari erreparatuz gero, argi dago Arizmendiren eraldaketaz inork informazioa nahi badu, argitalpen horretan aurkituko duela bistakoa da. Asmoak azaltzeko eta kontatzeko, euskaldunok beti agerian utzi dugun izua gainditu du Arizmendik. Kontakizun osoa plazan ipini du.

Hamabost atal ditu obrak: kontakizuna narratzeko hamahiru, eta bi eranskin tekniko.

Kontakizunaren hamahiru atalak ondoko hauek dira: “Kontakizunaren beharra”, “Nondik gatoz”, “Hezkuntza sektorea nola ikusten dugu”, “Zer identifikatzen gaitu eta ez dugu galdu nahi”, “Gure ametsa 5/10 urtetara”, “Zertarako eta zergatik aldatu nahi dugu”, “Pertsona eredua”, “Erabiliko ditugun hezkuntza-ildoak”, “Ditugun talentuak”, “Behar ditugun talentuak”, “Partaidetza eta lankidetza”, “Prototipoa eta egutegia”, “Ebaluazioa” eta “Ametsak betetzeko daudelako!” .

Bi eranskin teknikoak, berriz, ondoko dira: “Pertsona eredua” eta “Oinarrizko Hezkuntza-Ildoak Aukera Metodologikoak”.

Kontrazalean agertzen diren hitzak ezin esanguratsuagoak lirateke. Horrela diote:

Liburuki honetan Arizmendi Ikastolak bere ibilbidea kontatzen du, egina duena eta egin nahi duena. Leintz bailarako hezkuntza-kooperatiba euskalduna etorkizunean da. Munduak bizi duen aldaketa etengabean. Bera osatzen duten pertsonak, haur, nerabe, gazte edota helduak, ezin dira mundua den bezala ezagutzera mugatu. Litekeen mundua sortuko duten pertsonen hezkuntza behar da eta horretan eragin nahi du. Horregatik, ezin du itxoin harik eta mundua aldatuko den arte. Ezta bera aldatuko duten sasoi berrien zain egon ere. Etorkizunean gaurtik dihardu. Eraldaketan eragile aktiboa. Ametsak betetzeko daudelako!

J.Iñaki Etxezarreta
Tu Lankide-Urria