BERRIAK

60 urte igaro eta gero, burua lehengo lepotik!

60 urte igaro eta gero, burua lehengo lepotik!
(Joseba Iñaki Etxezarreta, Arizmendi Ikastolako zuzendaria)

Estatu baten hezkuntza-sistemari buruzko definizioen artean, zehatza eta argia den ondoko hau aurkitzen da: Estatu hori gobernatzen dutenen kontzepzio juridiko eta pedagogikoen sintesia instituzionala (Hans, Schneider, Rosello). Espainiako Estatua 1953an gobernatzen zutenek Batxilergoa bi etapatan bereizi zuten: Elemental (10 urterekin has zitekeena) eta Superior (Elemental gainditu ostean egin zitekeena). Lege haren ondorioz, Batxilergo Elementala ikasten hasteko Ingreso proba pasatu behar zen. Batxilergo Elementalaren ostean Revalida azterketak egiten ziren eta beste horrenbeste Bachiller Superior haren ondoren. Gutxi ez balitz, Unibertsitatera sartu aurretik PREU deitzen genuena ikasi eta beste proba bat gainditu behar zen. Sistema haren hesi horiek ikastetxetik kanpo jartzen ziren eta tribunal batek zuzendu eta kontrolatzen zituen. Alegia, zaldi-behorren Grand National ospetsuan baino hesi eta oztopo gehiago!

1970eko Legeak bertan behera utzi zuen 1950eko eta 1960ko hamarkadetako erokeria hura. EGB (OHO) eta BUP-COU (BBB-UBI) ekarri zituen, eta horiekin batera ikasleen ikasketak bateratu eta titulazioa eskuratzeko ebaluazioa leundu. Ingreso ezabatu zenez, denek ikas zezaketen EGB (OHO) eta bukaeran –14 urterekin– ikastetxeak berak erabakitzen zuen –kanpoko interbentziorik gabe– ikasleari titulua eman edo ez, BUP (BBB) ikasten jarraitzeko atea irekitzeko garaian. Beste horrenbeste suertatu zen BUP-COU (BBB-UBI) delakoarekin. Aldatu gabe gelditu zen bakarra Unibertsitatera sartzeko proba pasatu beharra izan zen.

Sistemak horrela funtzionatu izan du ordutik gaurdaino, EGB (OHO) ordez gaur dugun Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) ipini ziren, eta BUP (BBB) ordez Batxilergoa. Baina, ikasturte honetan, 2016-17an, dauden aurreikuspenak beteko balira, panorama zeharo aldatuko litzateke. 2013ko abenduan onetsi zen LOMCE Legearen ondorioz, Espainiako Estatuak ikasleen Grand National martxan jarriko du: 16 urte inguru dituen ikasleak, DBH ostean, proba bat pasatu beharko du titulua eskuratzeko eta horren bidez Batxilergoa ikasteko atea irekitzeko. Eta 18 urteko ikasleak, Batxilergoaren ondoren, beste proba bat gainditu beharko du titulua izateko eta Unibertsitatera sartzeko. 2017an saiakera izango da, ondorio akademiko legalik gabe. Baina 2018an erabateko indar legalaz egitea planifikatuta dago.

Zer dago horren atzean? Kontzepzio juridiko eta pedagogiko jakin bat; hain zuzen, politikoa. Pertsona, gizartea eta estatua ikusteko modu bat: indibidualismoan, selekzio-lehian eta nazionalismo bakarrean zentratzen den ikuspegia. Badu ere erabaki politikoak hartzeko estilo jakin bat. Horren ezaugarriak dira inposizioa, akordiorik eza eta hezkuntza-eragileekiko begirune falta. Ikastetxeetako guraso eta profesional gehienok astakeria dela diogun arren, PPren ekimenaren eta Espainiako Gorteen uneko gehiengo parlamentarioa izan duen lege hori indarrean dago. Eta hezkuntza-sistema atzerakoi horrek aurrera jarraituko du, Espainiako Estatuaren agintarien kontzepzio politikoa, pedagogiari buruz, era nabarian aldatzen ez bada. Datu ofizialek diotenez, Espainiako eskola-porrota %26,5 da –Euskadin %13koa eta ikastolena %4koa– eta %10eko mugarria ezarri dio Europako Batzordeak Espainiari, 2020rako lortu beharrekoa. Oso nekez erdietsi ahal izango du 2020ko helburu hori LOMCEk ezartzen dituen selekzio-proben bidez. Bere burua urkamendira eramatea besterik ez du lortuko, seguru asko. Belaunaldi berriak modernitatean lekutzeko asmoz EGB (OHO) eta BUP-COU (BBB-UBI) berritze-prozesua martxan jarri zutenek ez dute ulertuko horrelako atzerapausoa. Tamalez, Espainian badira oraindik ere egungo eta etorkizuneko erronkei iraganeko formulak aplikatzen dizkietenak. 60 urte igaro eta gero, burua lehengo lepotik!