BERRIAK

Zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei zuzendutako eraikuntza ikastaroa jarriko dugu martxan

Arizmendi Ikastolak eraikuntzen mantenuko ikastaroa jarriko du abian apirilean. Egitasmo hau bazterkeria egoeran edo/eta arriskuan egon daitezkeen pertsonei zuzendurikoa da. Ikastaroa doakoa da eta apirilaren 17an hasi eta uztailaren 28an amaituko da. Edukiari dagokionez, 300 orduko oinarrizko prestakuntza izango du eraikinen mantentze-lanetan, eta 150 orduko praktikak enpresan.

Ikastaro hau Debagoieneko Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta D2030 sare sozialak bultzatutako Debagoiena Lanean proiektuaren barruan kokatzen da.

Proiektu honen helburua zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei laneratze prozesuan laguntzea da:

        45 urtetik gorako langabetuak.

        Lan-baimenik ez duten etorkinak.

        Hizkuntzarekin arazoak dituzten etorkinak.

        Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak.

        DSBE kobratzen duten pertsonak.

Egitasmo honen sustatzaileez  gain, beste eragile batzuk ere hartuko dute parte. Alde batetik, Lanbide Heziketa eskaintzen duten Arizmendi ikastola, Miguel Altuna eta MGEP ikastetxeak, eta, bestetik, Sartu, Daiteke, Lanbide Heziketaren Lagunak eta Kalexka gizarte-erakundeak.

Formazio zentroek  prestakuntza teorikoa eta praktikoa emango dute, eta, laneratzeari begira, praktikaldia bideratuko dute lantokietan prestakuntza egin ahal izateko.

Bestalde, gizarte-erakundeen zeregin nagusia proiektu honetarako pertsona egokiak erakartzea izango da. Identifikatu ondoren, banakako jarraipena egingo da eta ibilbide-orri bat markatuko zaie, Debagoiena Lanean proiektuaren barruan antolatuko diren ikastaroetan parte hartu ahal izan dezaten.

Debagoiena Lanean proiektuaren barruan martxan jarriko den bigarren ikastaroa izango da. Lehenengoa soldadura ikastaroa izan zen, Miguel Altunak otsailean antolatua. Arizmendi ikastolak eskainiko duen eraikuntza ikastaroaren ondoren, udako oporren ostean, MGEP izango da ikastaro berria martxan jarriko duena. 

Debagoiena Lanean proiektuaren barruan martxan jarriko den bigarren ikastaroa izango da. Lehenengoa soldadura ikastaroa izan zen, Miguel Altunak otsailean antolatua. Arizmendi ikastolak eskainiko duen eraikuntza ikastaroaren ondoren, udako oporren bueltan, MGEPek biltegien kudeaketa ikastaroa jarriko du abian.