BERRIAK

Martxoak 8, ikastolan

Aurreko astean Arizmendi Ikastolako emakume langileen gehiengoak erabaki bezala, atzo goizean  lau orduko greba egin zen ikastolan, gutxieneko zerbitzuak eskainiz. Ospakizunari loturik, azken egunotan, denetariko ekintzak egin ditugu ikastolan. Aurreko domekan, langile eta gurasoz osatutako talde batek Lilatoian parte hartu zuen (ea hurrengoan gehiago garen!). Atzokoan, berriz, Gaztelupeko ikasle talde feministak antolatuta, elkarrekin abiatu ziren guneko ikasle eta irakasleak plazako elkarretaratzera.  Bertara  batu ziren baita HH eta LHko zenbait irakasle talde ere. Basabeazpin eguaztenean hainbat ekintza egin zituzten eta atzokoan, plazara hurbildu. Gazteluondon irakasleek  txin-txin eginez ospatu zuten eguna; Arimazubin, berriz, ikasleek egunari keinu eginez (bideoa eta argazkiak). Almenen, DBHko eta batxilergoko ikasle talde batek gidatuta, irakasle eta ikasleak elkarrekin, eta giro ederrean, Eskoriatzara abiatu ziren, eta handik Aretxabaletako elkarretaratzera. Arratsaldean ekintza erraldoia egin zuten, emakumearen sinboloa irudikatuz eta dronarekin grabatuz. Azkenik, 700 bat lagun beheko errepidera jaitsi ziren egunari amaiera ematera. Azkenik, atzo goizean Arimazubin batu ziren LHko ikasleek omenalditxoa eskaini zieten emakumeei, eta ikastolan izan ziren haurren zaintzaz gizonezko langileak arduratu ziren. Eta ederto egin ere! Argazki guztien bilduma eta Almenekoen bideo ederra!