BERRIAK

Kontseilu Errektorea 2018/01/25

– KILOMETROAK

Ikastolen Elkartearen izenean Kilometroak jaiaren kudeatzaile Mikel Egibarrek agertu digu zertan eta nola ari diren jai horri buruzko eredu berria bilatzen. Egina duten proposamenaren ezaugarri nagusiak adierazi ditu, zenbait galdera egin dizkiogu eta ekarpenak egiteko hilabeteko epea dugula argitu digu.

– LANEKO BAZKIDE BERRIAK EGITEKO ERABAKIA

Azken bileran Kontseilu Errektoreak zuzendaritzari eskatutakoa aurkeztu da. Berrogeita hamahiru hautagaiei buruzko azalpena, banan-banan bereizita, dagokien txostenarekin eta horren berri emateko elkarrizketa pertsonala hautagai bakoitzarekin eginik. Kontseilu Errektoreak zuzendaritzaren proposamena onetsi du. Bazkide bihurtzeko proposamena jasoko duten pertsonekin bilera egingo da tramitazioaren urratsak martxoaren hasieran eginda izan ditzagun.

– LAN SARIAK. ERRETRIBUZIO SISTEMA.

Proposamen berri bat aurkeztu da eta zenbait azalpen mahairatu dira.. Idazkia eskuratu zaie kontseilu kide guztiei eta Kontseilu Sozialarekin kontrastatu ondoren, martxoaren 1eko Kontseilu Errektorean onarpenerako aurkeztuko da.

– BATZAR NAGUSIAREN DEIALDI BERRIA

Gure laneko bazkide eta Baliabide materialen arduraduna urtarrilaren 16an zendu zitzaigula eta, 18an genuen batzar nagusia bertan behera utzi genuen. Gaur erabaki dugu otsailaren 8an Batzar Nagusia egingo dugula. Deialdia onetsi da.

– BESTE AZTERGAI BATZUK

MONDRAGON barruko Ezagutza Taldearen bilera. Urtarrilaren 19an, Talde honen osoko bilkura egin genuen, Kongresuan onetsitako “Ezagutza Dibisioa eratzera eramango duen proiektua” eraikitzen saiatzeko. Xedea eta kronograma orokorrak martxan jartzea adostu genuen. 2018 osoan arituko gara zeregin garrantzitsu honetan.

Matrikulazio kanpaina. Urtarrilaren 29an abiatuko da eta otsailaren 9ra arte iraungo du. Hurrengo bileran datuak aztergai izango ditugu.

Arrasateko udal hezkuntza-kontseiluaren bilera. Urtarrilaren 24an egin zen, Arrasateko Udaletxean. Ikastetxeok hartzen gaituen batzorde instituzional horretan gai batek izan zuen arretarik handiena: ikasle etorkinen eskolatzea eta horren baitako gizarteratzea. Herri mailako plan bat diseinatzea eta martxan jartzea adostu genuen.

Lanean sorturiko gatazkak konpontzeko protokoloa. Kooperatiban emeki-emeki lantzen ari garen aspektu laboralen barruan, arrisku psiko-sozialen arloan 2016-17an aritu ginen. Lehen saioa Ferixalekun (zuzendaritza, zerbitzu orokorrak eta lanbide heziketa) egin zen. Haren hurrengo urratsa, beste neurri batzuekin batera, laneko gatazka/erasoei buruzko prozedura erabakitzea da. Zuzendariak proposamen idatzia eskuratu die kontseilu kideei. Gaiaren lanketarekin jarraituko dugu.