BERRIAK

KONTSEILU ERREKTOREA 2018/07/25

– HAUR HEZKUNTZA UDAL ZERBITZUA
Arrasateko eta Eskoriatzako udalak titular dituen zerbitzu hau Arizmendi Kooperatibak kudeatzen du aspalditik, bi udalek deituriko bi lehiaketa publikoen bidez. Murrizketa ekonomikoak 2009an Eusko Jaurlaritzak aplikatzeari ekin zionetik udalek eta Arizmendik zerbitzua mantentzen dute baldintza duinetan. Horretan asko laguntzen du ikastolak azken urteotan aplikatzen duen bideragarritasun planak. Oraingoan, Arrasateko udal zerbitzuaren ondorengo bi urteetarako kontratua onetsita gelditu da.

– UDAKO OBREN ETA EKIPAMENDUAREN FINANTZAZIOA
Aurrekontuak zehaztuta eta finantzazio planteamendua argi izanda, entitate finantzari batekin kontratatu beharreko baldintzak ebatzi dira. Eragiketa epe laburrean itxiko dute Administrariak eta Zuzendariak.

– IKASLEN GREBA ARAUDIA
Gaztelupeko eta Almeneko zuzendariek araudi horren bi proposamen (gune bakoitzaren ezaugarrien araberakoak) Kontseilu Errektorean aurkeztu dituzte. Zera ebatzi dugu: irailean Kontseilu Errektoreak egingo duen bileran bi proposamenak jorratzea eta erabakitzea.

– ESKUALDEKO KOOPERATIBEN SARETZEA
Azken urteotan “eraldaketa sozialaz” eskualdean zenbait gogoeta eta kontraste saio egin dira, BAGARA bidez, eta MONDRAGON kongresuak iradokitako norabidean Azkenik, uztailaren 10eko bileran, Hezkuntza ardatza izanez eta Eskualdeko eragile sozial eta instituzionalekin interakzioan jarduteko asmoz, Saretze proiektua onetsi eta FAGORek bultzatutako Gizabidea Fundazioaren bidez martxan jartzeko erabaki zen. Aurtengo irailetik abendura bitarteko aldian operatiboa antolatu eta kudeaketa aktiboari ekingo zaio.

– ORGANIGRAMA, DEDIKAZIOAK ETA LAN SARIAK
Zuzendariak 2017-18ko gestioaren egoeraren berri eman ostean, 2018-19ko helburuak agertu eta horren ondoriozko organigrama zehaztu du. Hurrengo egun eta asteetan zehar, zuzendaritzarekin kontrastea egin eta Kontseilu Errektoreak erabakiko du irailean.

– LEHENDAKARITZA
Azken hilabeteetan iragarri bezala, Lehendakari ardura kontseilu errektoreko beste kide baten eskuetan uzteko gestioak egiten ari gara. Iraila edo urriko bileran ebazteko asmoa dago.

– BESTE AZTERGAI BATZUK
Eszedentzia batzuk ebatzi, MONDRAGON taldeko berriak zabaldu eta lan eremuko gaiez informazioa eman da.