BERRIAK

Kontseilu Errektorea 2015/09/28

Hasi dugun ikasturte honetan Kontseilu Errektoreak egin duen lehen bileraren berri doakizue.
– UDAL ORDEZKARI BERRIA
Ander Garai zinegotzia dugu, hemendik aurrera, Arrasateko Udalak gure Kontseilu Errektorean duen ordezkari berria, Ibon Arruperen ordez. Ongi etorria egin diogu.

– HEZKUNTZA-ITUNAK (Kontzertuen bidezko finantzazioa)
Sasoi honetan zenbat gela finantzatuko dizkiguten jakiten ez badugu ere, aurten badakigu Batxilergoan eta Hezkuntza Berezian (laguntzaileak) eskatutakoa dugula.

Lanbide Heziketan, berriz, Eraikuntza zikloaren lehen ikasmailan matrikulazio eskasak eragin du finantzazioa ez izatea. Honek irakasle postu bat galtzea ekarri du, eta lan kontratua eten egin behar izan dugu, tamalez. Orain arte gure ikastolan egin duen lan profesionala eta une honetan adosturiko kaleratzean izan duen jarrera eskertu nahi ditut.

Oinarrizko Lanbide Hezkuntzari dagokionez, tramitazioan ditugu baimena eta kontzertua. Biak batera onartuko zaizkigula ahoz adierazi zaigu. Buletin Ofizialean argitaratzeko zain gaude.
– DIRU KONTUAK (2014-15). AURREKONTUA (2015-16).
Pasa den ikasturteko diru kontuak ixten ari gara. Dirudienez, saldo positiboarekin bukatuko dugu ekitaldia. Irailaren bukaeran erabat itxiko ditugu eta ikuskaritzaren (auditoria) esku utziko ditugu.
Ikasturte honetako aurrekontua lantzen ari gara. Ikusten ditugun zenbait gastu (Batxilergoa, bereziki) nola doitu aztertzen dihardugu. Lan sarietan igoerarik gabe (ez gastuetan, ez sarreretan) kalkuluak egingo dira. Deskuidoan Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontu Legeak igoera onartuko balu, ikastolako diru kontuen egoera berrikusiko genuke, egin beharko liratekeen doikuntzak egiteko.
– HELBURU NAGUSIAK (2015-16)
Zuzendariak ikasturtearen helburu nagusiak gogoratuz, kudeaketa zertan den agertu digu: “Iparra: Arizmendi 2020” prozesuaz HUHEZIrekin lehen kontaktua egin da; “Planteamendu Laborala” dokumentua Kontseilu Sozialaren esku dago eta gaur Kontseilu Errektorean kontrastatu da; “Eraikinak” (J. Arana eta beste) Eusko Jaurlaritzarekin egindako bilera eta han jasotako diru-laguntzaren konpromisoaren berri eman da; “Konfiantzaren Pedagogia” liburua argitaratzeko ze fasetan dagoen adierazi da; “Irakasleen Prestatzea” delakoan egingo diren saioak aurreratu zaizkigu; “Lankidetzak” atalean beste ikastola batzuekin, MUrekin eta Herri Agintariekin izandako harremanen berri eman zaigu.
– MONDRAGON: Egituraketa eta Kongresua
Korporazioan lantzen ari diren proposamenen berri eman dugu. Baita Kongresu Ohikoaren balizko data ere (azaroaren 25a). Gure ordezkariak izendatu ditugu: Lehendakaria, Lehendakariordea, Idazkaria, Administrari Nagusia eta Zuzendaria.
– IKASTOLEN ELKARTEAN GURE ORDEZKARITZA
Alaitz Morrasen ordez Ikastolen Elkartearen hileroko bileretara joateko, proposamen bat egin zaie gure hiru kontseilu kideri.
– BESTELAKO GAIAK
Hainbat diru-laguntzaren eskaerak egitea onartu dugu. Identitatea Foroaren azken testua (Sarrera eta Bibliografia sartuta) jaso dugu.