BERRIAK

Kontseilu Errektorea 2015/03/02

Ostegunean, otsailaren 26an, Kontseilu Errektorearen bilera izan zen. Han hizpide eta erabaki gai izan genituenei buruz doakizue laburpentxo hau.
– GESTIO PLANAREN MARTXA
Ikastolak onetsitako gestio planaren exekuzio mailaz informatzean, Laurane Zubia Administrariak eta J. Iñaki Etxezarreta Zuzendariak prestatua zuten txostena baliatu eta adierazi ziguten. Helburu nagusien betetze-maila aurreikusitakoa bada ere, kudeaketa ekonomikoaren egoera onaren barruan aurtengo langile-gastuetan izan den gehikuntzan da gertaera esanguratsuena. Abenduaren azken egunean egindako itxierari dagozkion datu horiek kontrastatu egingo dira orain otsailaren amaieran aterako direnekin.

– KONTSEILU ERREKTORE BERRIAREN ERRONKAK
Bileran bi kapitulu bereizi genituen: Kontseilu Errektoreak urtero kudeatu behar duen funtzionamendu ohikoa (bere bilkurak, Kontseilu Sozialarena, Batzar Nagusia, Biltzar prestatzaile eta abar), alde batetik; eta, beste aldetik, ikasturte honetan eta hurrengoan ustez kudeatu beharko ditugun erronka nagusiak (Identitatea, guraso aktibatzea, bazkide kolaboratzaileekiko harremana, egitasmo pedagogikoaren jarraipena, planteamendu laborala eta ikastolaren dimentsionamendua 2020ra arte).

– MATRIKULAZIOAREN DATUAK
Matrikulazio berriak eta etapaz aldatzeak eragiten duen fidelizatzea aztertu ziren. Oso emaitza onak izan dira, gure ikastolan jarritako konfiantzaren adierazle. Honen harira, aurreko puntuan landua genuen dimentsionamendua lehenbailehen abiatzea berretsi zen.

– BESTELAKOAK
–  Laneko bazkide baten eszedentzia onartu genuen.
–  Kontseilu Sozialak otsailaren 11n egin zuen bileraren berri eman zitzaigun. Planteamendu laborala elaboratzeko prozesuan sakontzea erabaki genuen, eta Kontseilu Errektorearen hurrengo bilerarako proposamena ekarriko da.

–  Ikastolen Elkartean dugun ordezkaria Alaitz Morrasek Lurralde Bileraren azken berriak eman dizkigu.
–  Datozen udal hauteskundeen baitan, eta euskara eta hezkuntza arloen planteamendu munizipalen inguruan, EAJ eta Bildu alderdi politikoek gonbidatu gaituzten bilerei buruzko informazio jaso genuen.
–  OCULUS teknologia baliatuz, Mondragon Linguarekin, Isearekin eta Tecnaliarekin diseinatzen ari garen ikerketa-proiektuaren egungo egoera azaldu zitzaigun.