BERRIAK

KONTSEILU ERREKTOREA 2021/03/11

Bilera monografikoa izan da:
BATU ARRASATEN
Azken “Lehendakaria, berri emailea” aldizkariaren zenbakian iragarri genuenez, gure kooperatibako Kontseilu Errektorearen bilera honetan aztergai bakarra izan dugu: Arrasaten Arizmendi Ikastolak bere hezkuntza-eskaintza datorren ikasturtean nola antolatuko duen.
Aurretik, urtarrilean eta otsailean zehar, Kontseilu Errektorearen baimenaz, Zuzendaritzak prozesu partehartzailea burutu egin zuen, Arrasaten Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHko 1.mailan bazkide ditugun guraso eta profesionalengandik iritziak eta ekarpenak jasotzeko asmoz.
Oso positibotzat jo dugu bi hilabeteotan egindako lana eta eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu guraso guztiei
(ordezkariei eta foro zabalekoei), laneko bazkideei eta prozesua gidatu duen zuzendaritzari. Kooperatiba indartu da.
Jaso ditugun iritziak eta ekarpenak ugari eta askotarikoak izan dira. Aberatsak. Hainbat, gainera, arrazoituak izan dira.
Zoriontzeko modukoak. Bai guraso ordezkariek ekarritakoak, bai foroetan azaldutakoak, baita Kontseilu Errektorera zuzenean iritsi direnak ere.
Ikuspegi guztiez kontrastea egin ostean, erabaki genuen gure planteamendua jakinaraztea, ondoko termino hauetan:
(1) Nabariak dira Ikastolak aurrera daraman hezkuntzaeraldaketari buruzko babesa eta konfiantza.
(2) Hobetu beharrekoak ditugu. Prozesuak erakutsi digunez, prozedurak samurtu egin behar ditugu eta erabili beharreko metodologiak errazagoak izan behar dira.
(3) Aztergai genuen “B” formula baztertzen dugu. Alegia, BATU proiektu osoa (10-14 urte) gune bakar batean ez dugu jarriko, ezta GURA ere (6-10 urte). Une honetan horretarako baldintzak ez daudela uste dugu.
(4) Kontseilu Errektoreak beste formulak aztertzen jarraituko du eta horietan bermatuko dugu GURA proiektua oraingo guneetan mantenduko dugula.
(5) Baloratuko ditugun aldagaiak ondokoak dira: BATU irailean aktibatzeko baldintzak, eraikinen gaitasun espazialak eta pedagogiaren ikuspuntua.