BERRIAK

J. Feijoo astronauta gasteiztarraren bisita Basabeazpin

Martitzenean, ez-ohiko bisita izan zuten Basabeazpiko haurrek. Lehen astronauta diabetikoa den Josu Feijoo euskalduna hurbildu zen Aretxabaletako gunera bertako haurrekin egotera. Azken asteetan “Gure unibertsoa” proiektua landu dute bertan, eta amaiera biribila emateko astronauta bat zuzenean ezagutzeko parada izan dute. Aukera aprobetxatuta, Almeneko LHko bigarren eta bosgarren mailakoak ere izan ziren.

Espazioari lotutako proiektua

Arizmendi Ikastolan proiektu bidezko ikaskuntzan dihardute Haur Hezkuntzan hasi eta batxilergora arte. Basabeazpikoek zentzu horretan, ikasturtean zehar garatzen diren proiektuak modu horretan lantzen baitituzte. Proiektua egoera-arazo-erronka-behar sozial batetik abiatzen da, helburua, haurraren bizipenetan oinarrituz pentsamendu analitikoa, kritikoa eta sortzailea garatzea delarik.  Prozesuan zehar edo bukaeran borobiltzeko ekimen interesgarriren bat burutzen dute, gehienetan bizitza errealarekin lotuta.

Oraingoan, irudimena besteko handia den unibertsoaz Basabeazpiko txikiei milaka galdera sortu zaizkie espazioaren inguruan, eta honakoa prestatu zuten hango profesionalek: “Basabeazpira eskutitz bat iritsi zen, katu bat espazioko txororen batean galduta zegoela zioena, eta haurren laguntza behar zuela bertatik irteteko. Bada, non zegoen aztertu zuten, planeta izango ote zen, ilargia, asteroidea… eta bertara nola iritsi ere erabakitzen ibili ziren. Horretarako espazio-ontzia eraiki, arropa aproposak bilatu… baina han espazioan nola moldatuko ziren jakitea falta zitzaien. Horretan zebiltzala, ikastolako guraso batek Josu Feijoo astronauta gasteiztarra telebistan ikusi zuen, berarekin kontaktua jarri zen eta ikastolara etortzeko gonbita egin zion”.

Josu Feijook bere bizipenak kontatu zizkien haurrei

Bi saio egin zituen Feijook, aldez aurretik kazetariei ordu erdiko saioa eskaini ondoren. Lehenengoan, haur txikiak hartu zituen (proiektua garatu duten Basabeazpikoak eta Almeneko LHko bigarren mailakoak). Ondoren, berriz, nagusiagoekin beste saio bat egin zuen, azalpen sakonagoak eskainiz.

Josu Feijoo Gayoso Gasteizen jaio zen 1965eko maiatzaren 8an. Gazterik joan zen AEBetara ikastera, eta han garatu zituen bere ikasketak. 2009ko irailean espaziora joan zen, eta horrekin espazioan izan den  lehen diabetikoa izan zen. Virgin Galactic enpresaren VSS Enterprise espazio-ontzian aireratuko zen Kaliforniako Mojaveko basamortutik, eta 135.000 metrotara igo zen eta bere helburua intsulina berri bat probatzea izan zen. Horretaz gain, euskal alpinista, abenturazale eta astronautagai diabetikoa da. Bi zortzimilako igo ditu: Shisha Pangma eta Everest; eta, Ipar Polo eta Hego Polo Geografikoak zeharkatu ditu. Argazkiak.