BERRIAK

Uxue Azkue, Asun Casasola ipuin lehiaketaren irabazlea

Almeneko batxilergoko ikaslea den Uxue Azkuek irabazi du Asun Casasola V. Ipuin Lehiaketakoa gazte mailako lehen saria. Lehiaketa honetako gaiak indarkeria matxistaren inguruan kokatzen dira eta, gazteen sailean, 71 lanen artean aukeratu dute Uxuerena. Zorionak Uxue egindako lan ederragatik!! 

Aurreko astean banatu ziren sariak Irungo Bronte liburudendan. Aurtengo edizioa Ez zaude bakarrik lelopean landu dute. Antolatzaileekin batera, 2008an eraildako Nagore Laffageren ama Asun Casasola izan zen bertan.

«Aurten 12 urte beteko dira Nagore Laffageren erailketatik, 2008an hasi zen bere ama Asun Casasolaren borroka. Asunek pertsona askoren eredu izaten jarraitzen du, baita ere  lehiaketa hau bizirik jarraitzearen arrazoi nagusia ere», adierazi zuen antolakuntzako kide Miren Lantzek. Bitxikeri gisa, ipuinak aurten mundu osotik jaso dituztela nabarmendu zuten atzokoan. Zehazki, Amerikatik, Poloniatik, Italiatik eta Turkiatik ere heldu dira ipuinak.

Amaitzeko, Asun Casasolak hitza hartu zuen. Urtero bezala, antolatzaileek feminismoaren eta berdintasunaren alde egindako lana eskertu nahi izan zuen atzokoan: «ikaragarria da neska hauek egiten duten lana. Gai honetan lanean jarraitu behar dugu, egoera gaizki baitago. Etxetik, ikastetxeetatik eta leku guztietatik egin behar dugu lan, emakume guztiek elkarrekin egin behar dugu aurrera». Hemen Uxueren ipuina.