BERRIAK

Urtea amaitzeko, emakumezkoen futbol txapelketa
emakumezkoen prentsaurrekoa

Arizmendi Kirol Elkarteak urteroko hitzordua antolatu du abenduaren 30 eta 31rako, Gabonetako Emakumezkoen Futbol-txapelketa jokatuko baita hamaikagarrenez Aretxabaletan. Bertan, 25 futbol talde arituko dira lehian eta ia 400 futbolari.

Txapelketa Aretxabaletako Ibarra futbol-zelaian jokatuko da, abenduaren 30ean alebin, infantil eta kadete mailako txapelketak izango direlarik, eta 31n senior mailako hirukoa, bailarako selekzioa, Realeko super ligako lehenengo maila eta Athletic-eko super ligako talde bat lehiatuko direlarik.

Atzo egin zen prentsaurrekoan, Nekane Soriak, Real taldeko kontseilaria eta emakume sailaren arduradunak, adierazi zuenez eurentzat hitzordu seinalatua izaten da txapelketa hau, nolabait barneratuta dutena euren urteroko plangintzan. Eskerrona adierazi zuen, halaber, Aretxabaletako Udaleko zinegotzi Nerea Etxabek ere berdintasunerako bidean egiten den lana goraipatuz eta herriari berari egiten dion ekarpena nabarmenduz. Arizmendi Ikastolako BHko zuzendari Elena Errastik hezkuntza ez formalak ikastolan duen garrantziari egin zion erreferentzia, batik bat, eta txapelketan parte hartzen duten guztien inplikazioari. Azkenik, Urtzi Amianok, Arizmendi Kirol Elkarteko kideak eta antolatzaileetako batek poza adierazi zuen hamaikagarren aldira iritsi direlako eta bide horretan beste hamaika antolatu nahi dituztelako. Bere esanetan, “priobilegiodunak sentitzeko moduan daude bertan parte hartuko duten neskek, izan ere, espazio fisikoagatik, besteak beste, hainbat talde kanpoan utzi behar izan ditugu”. Gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den seinale gisa aipatu zuen antolatzaile taldekoak hori. Eskerrona adierazi zien urtero-urtero txapelketaren jarraipena egiten duten hedabideei, Aretxabaletako Udalari, Real eta Athletic taldeei eta baita beste modu askotara laguntza eskaintzen duten guztiei ere.

Argazkiak