BERRIAK

“Ta zer ez da berdin” PROIAren baitan, Gaztelupekoek egindako kontakizuna eta hausnarketa

“Ta zer ez da berdin”. Horrela du izena, estreinekoz DBH 3.mailan gauzatu dugun lehen PROIak.

Askori ezaguna egingo zaizue leloa ezta? Aurtengo PROI guztiek izango dituzte euskal kantu ezagunen goiburua. Ea zenbat ezagutzen dituzuen!

Bidai honetan honako galdera izan dugu gidari; Nola izan gaitezke aktiboago gure herriaren ongizatea bultzatzean?”

Horretarako, demokraziaren oinarriak zeintzuk diren ezagutu ditugu; gure erakunde demokratikoen funtzioak ezagutu ditugu, baita hauek bisitatu ere. Azken finean, erakunde demokratikoen eginkizuna, herritarron oinarrizko beharrak asetzeko bitartekoak bideratzea da. Baina zeintzuk dira pertsonen oinarrizko beharrak? Gizaki guztiok oinarrizko behar berberak ditugu, baina tamalez konturatu gara herrialde guztietan ez direla berdintsu betetzen.

Gure begirada mundu zabalera zabaldu dugu, ezberdintasun hauek garapen adierazleen betaurrekoen bitartez analisatu eta ongizate estatuak dituen hutsuneak aztertu ditugu. Hutsune hauetan kokatu dugu PROIaren muina. Nazio Batuen Erakundeak, munduko herrialde guztiek bete beharko lituzketen Garapen Iraunkorreko Helburuak definituak ditu, hain zuzen, gure hutsune asko hauetan oinarritzen dira. Asko dago egiteko oraindik…!

Halaber, ez gaude bakarrik. Zeregin honetan dihardute gure herriko eragile ezberdinek, asetu gabe dauden behar hauei giza ekintzaz erantzun bat eman nahian. Bertatik bertara hauen lana ezagutzeko aukera izan dugu eta gure herriko eragileen eginkizunak eta asmoak irratsaio batetan jaso ditugu.

Guztia borobiltzeko eta PROIaren hasierako galderari erantzunez, gure herrietako eragile bilakatu gara. Zeregin honetan, herriko errekak zikin ditugula konturatu gara eta guk, herritar gisa erantzukizun eta eginbeharrak ditugula seinalatu. Horretarako kanpaina bat bideratu dugu arrasatearrei ingurumen arazoarekin sentsibilizatzeko eta ekinbide txarrak salatzeko. Hori gutxi balitz, erreketan amaitzen dituzten plastikoak jaso ditugu Santa Barbara eta Monterroneko parkeetan. Bidaia polita izan da. Argazkiak eta bideoa.

Testua: Gaztelupeko taldea