
Jose Ramon Soroiz euskal aktore ezaguna izan da asteon bisitan Arizmendi Ikastolan Lehen Hezkuntzako guneetan. Lehenengo Arimazubi eta Gazteluondoko laugarren eta bosgarren mailako ikasleekin izan zen, eta hurrengo egunean Santa Teresa eta Almenekoekin. Aktoreak Tramankuluak ikuskizuna antzeztu zien ikasleei.
Ekarri zituen tramankuluak aitzakia hartuta, hainbat istorio kontatu zien ikasleei, besteak beste, Paco Aristiren Memesioren ipuinarena. Ikasleak oso gustura entzun zituzten ipuinak, eta saioaren bukaeran aktorearekin berriketa egiteko eta berak ekarri zituen tramankuluak aztertzeko aukera ere izan zuten. Sormenerako eta idazteko estrategiak eskaini zien ikasleei eta etxeko lanak ere agindu zizkien, hartara, ikasleek istorio bat asmatu eta gero berari bidaltzeko konpromisoa hartu zuten, hark Arizmendi Ikastolakoen istorioak beste eskola batzuetan konta ditzan.