
Joan zen astean ekin zioten Arizmendi Ikastolako ikasle gehienek ikasturte berriari, eta Santa Teresan hasiera berezia izan zuten, izan ere, euskararen erabilera bultzatzeko eta euskalduntasuna indartzeko asmoarekin Euski maskotaren pertsonaiak agurtu zituen ikasleak zein gurasoak.
Iaz sortu zuten Euski maskota Santa Teresan, eta aurten pausu bat gehiago emanik, pertsonaia bihurtu dute berau. Joan zen asteazkenean, gelaz gela pasatu zen euskarak duen garrantzia azpimarratuz eta lehenengo egunetik euskara erabiltzera gonbidatuz haur eta gaztetxoak. Horri laguntzeko ohikoa den ikasturte hasierako bertsoa prestatu zuen Amaia Pagaldai irakasleak: Ongi etorri danok / gaur ikastolara / zeuen zai gaude bertan / Euskirekin hara! / jolasa eta lana / partekatuz dana/ondo moldatuko gara. Aurrerantzean Argitxok Santa Teresan badu beste lagun bat!