
Neguko hotz eta egun ilunak uxatzeko, euskaldunok baditugu aspalditik oso errotuta ditugun ohiturak. Otsaila, esate baterako, ospakizunez betetako hilabetea izan ohi da. Joan zen ostiralean, otsailaren 4ean, ospatu zen Santa Ageda eguna. Garai batean gure arbasoek egun honetan lurra esnatu nahi izaten omen zuten makila kolpez, udaberria etorri bazetorrela esateko modua omen zen.
Urtero legez gure ikastolako ikasleak Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako txoko ezberdinetan ibili ziren koplak abesten. Arimazubi eta Gazteluondoko GURAko taldeak, elkarrekin irten ziren Arrasatetik abestera; alde batetik LH 1 eta 2koak herri erdialdetik, eta beste alde batetik LH 3 eta 4koak, Arimazubi eta Munar aldetik. Santa Teresakoak, Zigarrola aldetik, eta Umezaintzakoak, berriz, gunean bertan egin zituzten kantuak. Almen, Jose Arana eta Basabeazpikoak, ordea, Aretxabaleta eta Eskoriatzatik egin zuten ibilbidea, makilak hartu eta bazterrak kantuz alaitzen.