BERRIAK

Profesionalen Batzarrarekin egin diogu harrera ikasturteari!

Astelehen arratsaldean Arizmendiko profesionalak Arimazubi gunean elkartu ginen ikasturte berriari harrera ofiziala egiteko. Mireia Muruamendiaraz eta Illart Azkarate Zuzendari Nagusi berriek eman zioten hasiera ekitaldiari. Ondoren, Kontseilu Errektoreko kideak diren Goretti Maturana Lehendakariak eta Leire Aranak hartu zuten hitza, Zuzendari Nagusi berrien aukeraketa prozesuaren berri emateko. Gero egitasmo bakoitzeko Zuzendariek dagozkien guneen ikasturte berrirako helburuak azaldu zituzten; aurpegi berriak, Mikel Egiguren (IZEN Arrasateko Zuzendaria), Nagore Iraola (Aretxabaleta/Eskoriatzako Iruten guneetako Zuzendaria) eta Beñat Irazabal (PRO egitasmoko Zuzendaria) izan ziren. Zuzendari Nagusien hurrengo hitzek eman zioten itxiera egonaldiari:

“Ez dago egungo Arizmendi ulertzerik iraganeko Arizmendirik gabe. Eta zentzu horretan, gure errespetu, begirune eta maitasun guztia adierazten dizuegu, Arizmendi ikastolaren ibilbidean zuen aletxoa jarri duzuen guztioi. Apaltasun eta ilusio guztiarekin hartzen dugu testigua, jakinik bidea guztion artean eraikitzen eta egiten jardungo dugula.”

Batzarra bukatutakoan, mokadu goxoak dastatzeko aukera izan genuen. 

Has dezagun ikasturtea indarrez eta ilusioz! Irudiak.