BERRIAK

Pertsona garatzeko Hezkuntza-diseinua

Gaur, goizeko 10:30ean, egin da Batxilergoko Gaztelupeko espazio berrien inaugurazioa. Honekin Konfiantzaren Pedagogiak bide berriak urratzen jarraitzen du eta aurreko urtean Almenen egindako lanekin, Batxilergoaren espazio eraldaketari amaiera eman dio Arizmendik ikastolak.

Bertan izan dira Udaleko, Eusko Jaurlaritzako, Aldundiko eta proiektu hau aurrera ateratzen lagundu duten erakundeetako ordezkariak. Ekitaldiari hasiera emateko J.Iñaki Etxezarretak, zuzendari nagusiak, lehendakari berria den Goretti Maturana aurkeztu du. Jarraian Gaztelupeko abesbatzakoek Humanity at Music sinfoniako Xalbadorren heriotza eta Etorkizuna piezak abestu dituzte

Ondoren, Elena Errastik, Gaztelupeko arduradunak, hartu du hitza. Arizmendik 2009. urtean Konfiantzaren Pedagogiaren alde apustua egin zuela adierazi du, eta gaurkoa, bide luze honetan Arizmendi ikastolak ematen duen beste pausu bat dela.

Arkitektura ikuspegia Nondik enpresako Ahinitze Errastik eman du. Ahinitzek ikuspegi arkitektonikotik proiektu honen oinarriak azaldu ditu:

  • Arkitektura esperientziala. Alegia, arkitekturak agertoki izan behar du, esperientzia ezberdinak bizitzeko gonbitea eginez, eta erabiltzaileari egoera pedagogikoak gertatzeko bidea erakutsiz.
  • Barne zirkulazioa. Alegia, elkarrekintza ezberdinak sortu behar dira, espazioan zehar mugitzeko askatasuna izateko.
  • Ingurune anitzak. Alegia, hezkuntza-espazioa inklusiboa izan dadin, eremu txiki eta anitzez osatutako ingurune konplexua izan behar da.
  • Eraikinaren bizitza. Alegia, obrak amaitu ostean, erabiltzaileek inguru berri hori konkistatu behar dute egunerokotasunaren bidez, lekuarekiko erlazio identitarioak sortuz eta egoera berriak eraikiz.

June Anduagak, Gaztelupeko pedagogia arduradunak, espazio hauek ikasleekin nola erabiltzen diren azaldu du. PROI (Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza) da guzti honi sentsua ematen diona. Ikasleak edukiak proiektuen bidez lantzen dituzte, errealitatetik oso gertu egoten dira ikasleak eta euren alderdi analitikoa eta kritikoa pizten da PROIri esker.

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko, bertaratutako guztiak bisita gidatua izan dute, eta ikasleak proiektuetan lanean ikusteko aukera izan dute. Ikasleek, ze proiektu lantzen ari diren ere azaldu diete bisitariei.

Azken topagunea beheko solairuan dauden harmailak izan dira. Bertan gonbidatuei eman zaie hitza. Bisitatutako espazioen inguruan eta hezkuntzak, eta Arizmendi ikastolak, gaur egun dituen erronken inguruan hitz egin ostean ekitaldiari amaiera emateko ordua heldu da. Nola ez mokadutxo batekin. Zaldibarko OLHko sukaldariek prestatutako pintxo goxoez amaiera ederra eman diote. Argazkiak.