BERRIAK

Ikastolako bizitza

Nork daki ez ote den gure artean Shakespearen bat?

Aste honetan, Liburuaren Nazioarteko Eguna tarteko, eta ingeleseko hirugarren hiruhileko gaia literatura izanik, Gaztelupeko bigarren mailako ikasleak idazle bihurtu dira, eta hainbat istorio asmatu dituzte. Eta ez hori bakarrik, sormena erabiliz, edizio lanetan ere fin-fin ibili dira liburu politak eginez. Argazkiok horren adierazgarri.

GEHIAGO >

Maider Alcelay ipuin kontalaria Santa Teresan, Liburuaren Egunean

Irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz, eta Liburuaren Nazioarteko Eguna aitzakia, Maider Alcelay  ipuin kontalariaren bisita izan dute Santa Teresako ikasleek (lau urtekoetatik hasita 6.mailara arte). Aho zabalik jarraitu dituzte Maiderren istorio eta ipuinak. Maiderrek, Gazteluondoko guraso ere badenak, bere blogean bizipenaz jasotakoa. Argazkiak.

GEHIAGO >

Aitor Sarriegi bertsolaria  Almeneko LHko laugarren mailakoekin

Aurreko astean, Aitor Sarriegi bertsolaria izan zen Almenen LHko laugarren mailakoekin. Maila horretako Manex Larrañaga ilobaren bitartez bideratu zuten bisita, eta solasaldian bertsolaritzaren inguruan aritu ziren. Aitorrek bere esperientzia kontatu zien berbaz ez ezik, baita puntuka ere. Bertso ederrak ere bota zituen, eta Almeneko ere eurena, jakina! Saio ederra, benetan! Argazkiak.

GEHIAGO >

Baskonia ikusten izan dira ikastolako familiak asteon

Martitzenean, Baskonia ikustera joateko irteera antolatu zuten Hezkuntza Ez Formaleko arduradunek. Euroligako Play off-ak jokatu dira aste honetan, eta martitzenean, Baskoniak Fenerbache taldearen aurka jokatu zuen. Jokatu eta baita irabazi ere! (88-83) Bertaratu zirenek diotenez, izugarrizko partida izan zen giroa ederrean bizi izan zutena! Argazkia.

GEHIAGO >

No Elevator Day egunarekin bat egin dute hainbat gunek ikastolan

Apirilak 25ean, igogailurik gabeko eguna ospatu zen. Hori dela-eta gune batzuetan astean zehar bizikidetzan landu dute gaia, aurkezpen baten bitartez. Horretaz gain, Gazteluondon aste osoko Heziketa Fisikoko saioak baliatu dituzte bizitza osasungarriagoa bultzatzeko. Gainera, gune ondoko eskaileradun bideak aztertu dituzte eta Arrasateko dragoiraino lasterketak egin. Arimazubi eta Almen guneetan ere LHko ikasleekin askotariko jarduerak antolatu […]

GEHIAGO >

Miren Agun Meabe idazlea Almenekoekin solasean

Almeneko LHko bigarren mailakoak Miren Agur Meabe idazlearekin izan dira Aretxabaletako Arkupen. “Tipi-tapa-tipi ilunabarrean” liburua irakurrita zuten, eta hartara solasaldi interesgarria izan zuten.  Irakurzaletasuna bultzatzeko saio aparta, duda barik! Argazkiak.

GEHIAGO >

Arimazubira eskerrona Baltistan fundaziotik

Martxoan Arimazubiko seigarren mailakoek azoka solidarioa egin zuten Arimazubiko plazan. Ateratako dirua, 862 euro, ikasleek bailarako GKEen artean botazioa egin ondoren, Felix Iñurrategi Baltistan Fundaziorako izatea erabaki zuten, Baltistaneko neskak eskolara joan daitezen. Orain, bidalitako diru-laguntzagatik, Arimazubira eskerrona bidali dute Baltistan fundaziotik argazki eta guzti.

GEHIAGO >

“Hezkuntza eraldatzeko bidaian elkarrekin aurrera” jardunaldiak

Atzo Elena Errasti Gaztelupeko zuzendaria eta Mireia Murumendiaraz ingeleseko irakaslea Gasteizen izan ziren Hezkuntza Sailak antolatutako jardunaldietan. Bertan, batxilergoan abian jarri dugun proiektuaz jardun ziren, batxilergo eraldatzaileaz eta proiektu bidezko irakaskuntzaz, hain zuzen ere. Hitzaldiaren gaia: Eraldaketa Batxilergoan. Posible ote? galderari baiezkoarekin erantzun zioten biek ala biek. Argazkiak.

GEHIAGO >

Gaztelupeko batxilergoko ikasleak LANA kooperatiban, bisitan

Martitzenean, Gaztelupeko batxilergoko bigarren mailako ikasleak (enpresaren ekonomia ikasgaikoak) LANA Kooperatiba (Zubillaga) bisitatzen izan ziren, Esther Merino irakaslearekin. Bisitari esker, ikasturtean zehar enpresaren inguruan landutako hainbat gai eta kontzeptu, enpresa zehatz batean aplikaturik ikusteko aukera izan zuten. Bisitan enpresaren ekoizpen planta ezagutzeaz gain, enpresak dituen produktuen ekoizpen prozesua nolakoa den ere ikusi zuten. Argazkiak.

GEHIAGO >