BERRIAK

Oilategiko proiektua

Almenen oilategia eta baratza daukagula askok jakingo duzue. Han ibiltzen da Martxi Perez irakaslea konponketa edo zaintza lanetan! LHko ikasleak ibiltzen dira txandaka oiloak elikatzen ikasturtean zehar; jantokian sobera geratzen den janaria ematen zaie oiloei eta horrela lortzen da, nolabait, soberakinetatik arrautzak lortzea.

Aurten, urrats bat haratago joan eta LH3 eta LH6ko ikasleak diziplina arteko proiektu interesgarriak lantzen hasi dira oilategiaren inguruan.

LH3an “Purra-purra” proiektuan txita berriak lortzeko inkubagailua martxan dute eta bide batez oilo eta arrautzen inguruko kontuan ikasten ari dira. Matematika lantzeko ere erabiliko dute kontu hau! Galdera eta jakin-minaren aurrean, metodo zientifikoa!

LH6koak, berriz, “Apika” proiektua abiatu dute. Oiloak gauez harrapakarien erasoetatik babesteko ate automatikoa egingo dute, Arduino izeneko plakak erabili eta programatuz. Argazkiak.