BERRIAK

(1) Nerabezaroa, aldaketa-aroa: Nola lagundu iraultzaren erdian konfiantzatik garatzen?

Arizmendi Ikastolak eta Anoetako Herri Ikastolak antolatuta, Jaume Funes nerabezaroan eta hauen zailtasun sozialetan espezializatutako psikologo, hezitzaile eta kazetariak hitzaldiak eskainiko ditu urtarrilaren 12an eta 21ean, streaming bidez, 17:10etan hasita.

Psikologoa, hezitzailea eta kazetaria da Jaume Funes (Calatayud, 1947), nerabezaroan eta pertsona horien zailtasun sozialetan espezializatua. Hezkuntzaren munduan aritu da berrikuntza pedagogikoan, pedagogia aktiboko ikastetxeetan, bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, aholkularitza psikopedagogikoko taldeetan… ibilitakoa da, baita bigarren hezkuntza amaitzean nerabeei trantsizio horretan laguntzeko tokiko proposamenak abian jartzen aritua ere, besteak beste. 

70. hamarkadan hasi eta gaurdaino, errealitate anitzak ezagutu ditu garai bakoitzeko nerabeen testuinguruetan. Lagundu dituen hainbat gazteren gizarte-zailtasunen eta marjinazioaren artean, drogen auziaz eta horiek kontsumitzearen ondoriozko arazoei ere  aurre egin die. Instituzio publikoetan ere aritu da lanean Haurren Eskubideen Defentsan, eta horrek, bere lana haurtzaroarekin konektatzera ekarri du. Unibertsitatean irakasle lanetan aritu da eta baita ikuskapenean, orientazioan, aholkularitzan eta ikerketan ere. 

73 urteko pertsona aritu eta aditua da nerabezaroan. Bere lanean begirada pertsonan zentratzen du Funesek. Jokabideen atzeko arrazoietan jartzen du arreta eta nerabeen garapenean laguntzeko helduok jokatzen dugun rolaren inguruan pista asko ematen ditu bere artikulu, hitzaldi, liburu… guztietan.

Liburu asko idatzi ditu. Horien artean, agian tituluak bere ikuspegiaren inguruan esaten duenagatik, aipatzekoa da ondorengoa: “Quiéreme cuando menos me lo merezca… porque es cuando más lo necesito”.

Gai horien guztien inguruan, eta zehazki gaur egun nerabeen inguruan kezkatzen gaituzten gaien inguruan hitz egingo digu urtarrilaren 12an eta 21ean. Nerabezaroa zer den, sexualitatea, drogak, pantailak eta sare sozialak, helduak eta eskolaren rola… horiez arituko da ordu eta erdiko bi saioetan, 17:10etatik 18:30etara. 

Saioak streaming bidez jarraitu ahal izango dira Arizmendiko Youtubeko kanaletik eta txataren bidez galderak egin ahal izango dira: https://labur.eus/JaumeFunes_hitzaldia.