BERRIAK

MONDRAGONek salmentak berreskuratu ditu eta enplegua mantendu du 2021ean

MONDRAGONek positibotzat jo ditu 2021eko ekitaldiko emaitzak, 2020a Covid-19ak baldintzatuta igaro ondoren suspertze urtea izan baita 2021a. Korporazioak batzen dituen kooperatiba guztiek 11.404 milioi euroko salmentak egin zituzten batera. Aurreko urteko zifrarekin alderatuta %5,0 salmenta gehiago izan ziren, eta azkenean covid aurreko salmentak berdindu ziren ia-ia. Enpleguari dagokionez, 2021aren amaieran 80.821 lanpostu zeuden. Horrek esan nahi du kooperatibek, oro har, aurreko urteko enplegu mailari eustea lortu zutela. Inbertsioen zifra da MONDRAGONek urtero azpimarratzen duen beste datu bat. Iaz, 390 milioi euro izan zen zifra hori, hau da, 2020an baino %16,5 gehiago inbertitu zen. Ebitdak, berriz, %0,6ko hazkunde txikia izan zuen, eta 1.332 milioi eurora iritsi zen. Gehitutako magnitude horiek baieztatzen dute 2021ean kooperatiba gehienek Covid-19aren krisitik suspertzeko gai izan direla, ahaleginak eginda, jakina, eta martxa onean ari dira, ziurgabetasun geopolitikoa, lehengaien kostuaren igoera eta inflazioaren gorakada gorabehera.

Horrela, taldeak ekitaldi honetako lehen bost hilabeteetan izan duen portaerak salmenten %10 inguruko hazkundea ekarri du.

MONDRAGONeko industria

Banaketa eta Finantza arloek izandako emaitzen ondoren, dagoeneko aurkeztu baitira, Industria arloaren balantzea ezagutu dugu orain. 2021eko ekitaldiaren itxieran, MONDRAGONeko industria kooperatibek 37.521 laguneko plantilla zuen lanean, eta guztira 6.017 milioiko fakturazio agregatua izan du (2020an baino +%14,2 gehiago), covid aurreko salmenten mailara bueltatuta ia-ia. Industria arlo honetako kooperatibek lortutako emaitzak dira azpimarratu beharreko beste datu bat, 392 milioi izan baitziren, pandemia garaian egindako ahaleginen ondorioz, Emaitza horiek, halaber, produktibitate ratioetan nabaritu dira.

Nazioartekotzearen alde egindakoaren ondorioz, kanpoko merkatuetako salmentak industria arloaren %72 dira. MONDRAGONek ekoizpeneko 132 filial ditu atzerrian, eta 14.626 pertsona ari dira lanean bertan.

2021ean industria arloan egindako inbertsioak 240 milioi eurokoak izan dira, aurreko urtean baino 48 milioi euro gehiago. 

Aurtengo lehen bost hilabeteetan, industria arloa bilakaera positiboa izaten ari da, salmentek %10 inguru egin baitute gora, nahiz eta hainbat egoerak, esaterako, inflazioaren igoerak, funtsezko osagai batzuen eskasiak, lehengaien kostuak, nazioarteko gatazkek edo energiaren prezioaren igoerak, ziurgabetasuna eragin duten.

MONDRAGONek berrikuntzaren alde egindako apustua Ezagutzaren arloan ikusten da. Korporazioak 2.458 pertsona enplegatu zituen lanaldi osoan, I+G alorrean, alor horren barruan direla 14 zentro teknologikoak eta I+G unitateak.

MONDRAGONek indarrean dituen patenteen familiak 505 dira, eta kopuru hori benetan oso garrantzitsua da Euskal Autonomia Erkidego osoan.

Gainera, kooperatibek 150 proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte Europako I+G programa batzuetan, eta arrakasta tasa %25etik gorakoa izan da. Une honetan, MONDRAGON Korporazioaren 50 proiektu baino gehiago dira Europako Batzordeak onartu eta finantzatutakoak.

Banaketa arloak, barruan Eroski eta Erkop elkartea daudela, 5.387 milioiko salmentak izan zituen 2021ean (aurreko ekitaldian baino %3,7 gutxiago), eta 39.588 laguneko plantilla zuen guztira ekitaldia itxi zenean. Lortutako emaitza garbia izan zen Eroski Taldeak 2021ean izandako bilakaeraren alderdirik positiboenetako bat. Izan ere,105 milioiko emaitza lortu zuen, azken 10 urteetan izandako emaitzarik onena, nahiz eta elektrizitateak, bere negozioak lehiarako duen aldagai estrategikoak, kostu handia eduki.

Finantza arloko erakundeei dagokienez, LABORAL Kutxak ohiko banku negozioen astenia egoera orokorra gainditu du 2021ean, 108,8 milioi euroko irabazi bateratuarekin. Gainera, bere kreditu zorroaren kalitatea hobetzea lortu du, %2,8ko berankortasun ratioarekin, sektoreko batez bestekoaren oso azpitik. Azkenik, bere merkatuko erabateko lider gisa finkatzen da kaudimenari dagokionez (%21,81), eta likidezia posizio lasaia du, ezarritako araudi eskakizunetik oso urrun. LagunAro BGAEk, berriz, 28.228 mutualista aktibo zituen guztira urte amaieran, eta bere ondare funtsa dagoeneko 7.326 milioi eurokoa da, kapitalen merkatuetan ziurgabetasuna egon arren inbertsioen kapitulua positiboa izan duen ekitaldia izanda.

2021eko ekitaldiaren bilakaerari dagokionez, MONDRAGONeko Kontseilu Nagusiko presidente Iñigo Ucinek adierazi du “Korporazio osoaren bilakaera positiboa izan dela, salmenta zifrek jardueraren susperraldia baieztatzen dutela eta emaitzak onak izan direla, kooperatiba guztiek beren eraginkortasun ratioak hobetzeko hartutako neurrien ondorioz”. Era berean, “Enplegu mailari eustea lortu da”, eta konfiantza dauka kooperatibak 2022ari aurre egiteko gai izango direla, “eguneroko kudeaketan zailtasun handiak egon arren eta ziurgabetasun geopolitikoak gorabehera”.

Arrasate/Mondragon, 2022ko ekainaren 22a

Testua: MONDRAGON Corporation