BERRIAK

Modalitateetako proiektuak martxan Batxin

Almeneko eta Gaztelupeko Batxi 1ekoak 2019ko modalitateetako gaiak hartzen dituzten proiektuetan hasi dira. Zer esan nahi duen horrek? Bada, bi astez ohiko orduz orduko jarduna eten eta modalitate bakoitzarekin lotutako gaia garatuko dutela. Modalitateko diziplinarteko 3 proiektu landuko dituzte: Bizikleta, Zanbulu eta Itsaso bat eta mundu bi. Irakurri gehiago.

 

Teknologoek, Bizikleta proiektuan bizikleta baten desmuntaia eta muntaia aitzaki hartuta, ikasleek mekanika, marrazketa, matematika… arloetako beharrezko hainbat kontzeptu landuko dituzte.

Zientzietakoek, berriz, Zanbulu proiektuan kimika, biologia eta matematikako gaiak garatuko dituzte. Larruazala zaintzeko kremak sortzeaz gain, erredurak prebenitzeko neurrien inguruko sentsibilizazio saioa prestatuko dituzte.

Giza zientzietakoek, bestalde,  Itsaso bat eta mundu bi proiektuan, Afrikako errealitatearen analisi sakona egingo dute parametro makroekonomiko, historiko eta finantzarioak aztertuz eta ikasitakoarekin interbentzio publizitario artistikoa sortuko dute.

Lana erruz egiten dute proiektuetan ikasleek: banaka, taldean, elkarlanean, aurkezpen publikoak prestatzen, laborategian, tailerrean… aurreko urteetako esperientziak esan digu asko ikasten dutela horrelako proiektuetan eta ikasleek eskertzen dutela testuinguru eta helburu konkretu batzuei begira lan egitea. Almeneko eta Gaztelupeko argazkiak.