
Ikasturte berriarekin batera, Mireia Muruamendiaraz eta Illart Azkaratek hartu dute Arizmendi ikastolako Zuzendaritza Nagusia. Mireia eta Illartek ibilbide luzea daukate gure ikastolan irakasle lanetan, zein ardura postuetan. Mireia, Almeneko kudeatzaile eta IZEN egitasmoko irakasle zein berrikuntzako kudeatzaile izan zen, eta joan zen ikasturtetik, Berrikuntza Pedagogikoko Zuzendaria. Illart, berriz, IZEN egitasmoko irakasle eta Kontseilu Errektoreko Lehendakariordea izandakoa da.
Ikasturtea “ilusio eta arduraz” hartzen dutela kontatu digute Mireia eta Illartek. Beraien hitzetan, Zuzendaritza partekatu honek “antolakuntzan eta egiteko moduetan gauzak desberdin egiteko aukera eman, eta elkarlanean jardun kooperatiboa areagotuz eta lantaldea indartuz, hezkuntza denen artean koeraikitzeko aukera ematen digu”.
Familia, profesional, ikasle eta eragileen elkarlanaren bidez ikastola eraikitzen jarraitu nahi dute, aurrean ditugun erronkei ilusioz eta indarrez komunitate bezala erantzun, eta “gure balio kooperatiboetan eta ikastola ereduan sendo errotutako komunitate indartsu eta osasuntsu bat izatea”.
Ongi etorri Zuzendaritza Nagusira, Mireia eta Illart!