
Gure Ikastolako Lanbide Heziketako Mikroinformatika zikloko ikasle eta irakasle taldea buru-belarri ari gara ordenagailu zaharrak berreskuratu eta gobernuz kanpoko erakunde ezberdinen bitartez berriro ere zirkulazioan jartzen. Finean, norbanako eta erakunde askorentzat erabilgarriak ez diren ordenagailuei beste bizitza bat emanez, hemen, Euskal Herrian, zein atzerrian beharrak dituzten pertsonen eskura jarriz.
Pasa den ikasturtean Brasilen Mundukideren bitartez MSTko eskoletarako prestatu genituen hainbat ordenagailu, ikasturte honetan, berriz, Euskadi-Ukraina erakundearen bitartez, gerra bertatik bertara bizi duten gazteei ordenagailuak helarazi dizkiegu.
Berrerabiltze eta Prestatze Zentroaren helburua ikasleen konpetentziak indartzea bada ere, gizartean eragin nahi dugu, gizarte eraldaketa sustatuz, eta aldi berean, ikasleen trebakuntzan sakonduz; software librean, informatika arloko edukiak irakatsiz, eta ekonomia zirkularraren inguruan kontzientziazioa sustatuz, besteak beste. Baina, gainera, beste lerro bat ere garatzen ari gara, enpresa sorkuntzarena, negozio txiki bat martxan jarriz.
Proiektuak aurrera egin dezan, ordea, ordenagailuak behar ditugu, eta inguruko enpresa zein norbanakoei dei egitea nahi diegu, ezer bota aurretik, gurekin kontaktuan jar daitezen. Ordenagailuak emateko interesa izanez gero, posta elektroniko bidez (birziklanetarizmendi@gmail.com) edo 943772025 (luzapena 4320) telefonoan jar zaitezkete gurekin harremanetan.
Lerro hauen bitartez TE Connectivity enpresari eskerrak eman nahi dizkiegu, 43 ordenagailu eman dizkigutelako, oso egoera onean. Eta Elkartenet erakundeari ere aitortza berezia egin nahi diogu, hasieratik eskaini diguten laguntza eta babesagatik.
Hemen TU Lankideren azken alean argitaratutako erreportaia (46-47. orrialdeak).
Testua: Lanbide Heziketako Mikroinformatikako taldea.