BERRIAK

Mikroinformatika eta osasun larrialdiak: erdi mailako ziklo berriak Arizmendi Ikastolan
Bi zkloen berri

Datorren ikasturtean lau ziklo eskainiko ditu Arizmendi ikastolak Lanbide Heziketan. Horietako bi berriak izango dira (Mikroinformatika-sistemak eta –sareak eta osasun larrialdiak), eta biak ala biak, erdi mailakoak. Izan ere, LHko zuzendari Edurne Erauskinek heziketa-ziklo berriak aurkezteko gaur egin den prentsaurrekoan adierazi duenez, horixe da erronkatariko bat aurrera begira: 16 urtetik gorakoei, hau da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu dutenei eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleei, bailaran eskaintza zabaltzea.

Bestalde, bi ziklo horien sektoreetan profesional beharra dagoela ere nabarmendu du Erauskinek: “2012an irten zen dekretuaren arabera, osasun larriladietarako tilulazioa behar da anbulantzietako tekniko gisa aritzeko”. Langabetuentzat ere interesgarriak izan daitezke kualifikazioa lortzeko eta txertatze laborala ahalbideratzeko. Azpimarratzekoa da Osasun larrialdien zikloa bakarrik EAEko hiru hiriburuetan eskaintzen dela.

Mikroinformatikako zikloak, berriz, goi ziklorako sarbidea ziurtatuta du bailaran bertan, MUk eskaintzen baitu goi mailako zikloa zein gradua. Hori izan da Arizmendi Ikastolako zuzendari Iñaki Etxezarretak prentsaurrekoan adierazi duen ideietako bat. Ikastolak ziklo berriak aukeratzeko orduan, osagarritasuna ere izan dutela irizpidetzat, bailaran lehiakortasunetik baino osagarritasunetik erantzun ahal izateko dagoen beharrizanari. Bailarako nerabeek euren ibilbide profesionala bakoitzak bere erritmoan, bere gaitasunei begira eta lasaitasunez egitea garrantzitsutzat jo dute bi hizlariek, besteak beste, ikastola jorratzen ari den Konfiantzaren Pedagogiaren ildotik, horixe baita ikastolaren egitekoa.

Aurre-matrikula ekainaren 6an zabalduko da, eta ikastolako idazkaritzan bertan egin daiteke, Ferixalekuan. Argazkiak.