BERRIAK

Matematikak bizi eta ukitu

Astearte honetan, Ikastolen Elkarteak antolatuta “Matematika eskuetara” ikastaroa eman da Ferixalekuan. 30 ikastolatik gora ari dira ikastaro hauetan parte hartzen. Laugarren urtez, Leire Arana, Almeneko irakaslea, izan da formazio saio hauek emateko arduraduna.

Leirek urte asko daramatza zenbakien munduan murgilduta. Batxielrgoan irakasle lanetan jarduteaz gain matematiketan.eus bloga elikatzen du eta Goienako Puntuan, Bilboko Uriolan eta zuzeu atarian kolaboratu izan du. Ikastolan matematikaren lanketan ematen ari den eraldaketan ere parte hartu du.

 

Matematika manipulatiboa zer den jakin nahi eta Leire berari galdetu diogu:

Noiz eta zergaitik hasi zinen metodologia honekin?
Matematikaren ikuskera hau orain dela 7 urte deskubritu nuen. Etxean umeei laguntzeko beharrak eraman ninduen arakatze lana egitera. Mundu berri bat deskubritu nuen. Gure ikastolako arduradunei gaia aurkeztu eta berehala ikusi zuten erabat egiten zuela bat ikastolaren ildo pedagokikoarekin.  Ikastolen Etxean ere berehala erakutsi zuten interesa gaiarekin eta han ere 4 urte daramatzat formazio saioak egiten Euskal Herriko ikastoletatik etortzen diren irakasleei. Are gehiago, ikuskera honetan oinarritutako materiala sortzeko lan taldea ere sortu da Donostiako egoitzan.

Zein da lehenagoko metodologiarekin alderatuz aldaketarik nabarmenena?
Matematika manipulatiboa ez da berritzailea. Berezko senera buelta dela esaten dut sarri. Matematika gertukoa eta irisgarria izatea bilatzen du, arrotza eta mekanikoa baino. Hitz gutxitan esanda, eduki matematiko berriak lantzeko umeei gertukoak izango zaizkien testuinguruak erabiltzea. Eskuekin eraiki egiten dira kontzeptu matematikoak, haiekin esperimentatu ahal izateko eta kontzeptuen ulermen sakonagoa bilatu ahal izateko. Jolasak berarekin dakartzan ikasketa eta gozamena ere hartzen ditu oinarritzat. Jolasa elementu aktiboa bilakatzen da. Eta ahozkotasunari ere garrantzia handia ematen zaio lan-ildo honetan, ideiak eta edukiak hitzetara eramatea prozesu kognitibo inportantea dela kontuan hartuta.

Ze toki du matematika manipulatiboak geurean?
Gure ikastolan, matematikaren garapen modu hau, aldaketa sakonagoen eta globalagoen artean hari mutur bat da. Izan ere oso prozesu interesgarriak dauzkagu martxan gurean. Oso urte intentsu eta interesgarriak izaten ari dira hauek.

Zein da metodologia honekin bizi izan duzun aldaketarik nabarmenena?
Gai honetan buru belarri sartu diren lekuetatik bueltatzen den informazioa da umeek gustukoago dutela matematika horrela garatuta eta oinarrizko eduki eta kontzeptuen ulermena altuagoa dela ere esaten dute.

Aipatu nahiko nuke, hala ere, irakasleen rola. Horrelako prozesuek malgutasuna eta lan ikaragarria eskatzen baitute eta gurean horretarako oso prestu dagoen jende asko ikusi baitut. Lana ilusioz eta aurrera begira egiteko prest dagoen jende asko eta asko daukagu ikastolan.

Matematikaz inguratuta gaude? Bizitza matematiketara pasa daiteke?
Bizitza matematikaz beteta dago. Gure egunerokotasunean kontzeptu matematikoetan murgilduta bizi gara. Nik horri betaurreko matematikoak jantzita ibiltzea esaten diot. Izan ere, matematika eguneroko prozesu edo gertaerak deskribatzeko tresna da hein handi batean.