BERRIAK

Leintz-Arizmendi, emakumezkoen futbolerako klub berria
Leintz-Arizmendi

Mondra eta UDA kluben eta Arizmendi Kirol Elkartearen batasun eta lankidetzatik futbol klub berria sortu da Leintz bailaran. Leintz-Arizmendi izena du eta, besteak beste, Euskal Ligan aritzeko asmoz eratu da. Hiru talde horietako jokalariekin osatuta dago, eta momentuz hiru talde arituko dira bertan: infantil, kadete eta seniorrak. Hala ere, alebin eta benjamin mailan futbol eskolak antolatuko dira.
Horren berri emateko elkartu dira gaur goizean Mojategin Mondrako Ramon Azkarate eta UDAko Agurtzane Elkoro presidenteak eta Arizmendi Kirol Elkarteko Urtzi Amiano arduraduna. Euren adierazpenei lotuta orain hiruzpalau urte hasi ziren erronka horrekin eta dagoeneko eman ditu lehenengo fruituak. Azpimarratu nahi izan dute, bereziki, lankidetzan aritzeko borondatea eta emakumezkoen alde egingo den apustua. Historikotzat jo dute gertaera.
Talde horien entrenatzaile nagusia Esti Loiti (Pitu) garagartzarra izango da, beste batzuekin batera. Entrenamenduak Mojategin zein Ibarran izango dira, eta partidak Mojategin. Kamisetak aurreko hiru taldeen nabardurak izango ditu, kolorea Mondra eta Arizmendi Kirol Elkartekoaren aldaera bat izango da eta UDAkoaren zeharkako linea zuria izango du.