BERRIAK

KOMUNIKATU INSTITUZIONALA II-ADOSTUTAKO NEURRIAK

2020 03 18

 

AZKEN ORDUKO ALBISTEA

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburuak jakinarazpena bidali berri digu. Hona hemen testuaren muina hitzez hitz: “Honen bidez jakinarazi nahi dizuegu gertaeren bilakaera eta agintari eskudunak aplikatzen ari diren neurriak direla eta, eskolen aldi baterako etetea beste abisu bat eman arte luzatzen dela.” Alegia, martxoaren 30ean betetzen zen epe-muga baino haratago doa eskolaldiaren etetea. Data finkatu gabe gelditzen da.


Ikastolak martxan jarraitzen du

Bizi dugun salbuespen egoera honetan Ikastolaren lanak etenik gabe martxan dira. ERDU, GURA, BATU, IZEN eta PRO proiektuetako egitekoak kudeatzen ari gara. Batzuetan TELEIKASTOLA ikasleekin zuzenean baliatuz, eta beste batzuetan familiei seme-alabekin jarduteko materialak eta iradokizunak eskainiz. Beti ere komunikazioa bermatuta. Ferixaleku gunea, Arrasaten, bihurtu dugu hartu eta eman jardunerako. Zerbitzu Orokorretako lankideak txandaka ari dira, osasun neurriak aplikatuta. 

Komunikazioa

Ikasleen, familien eta irakasleen arteko komunikazioa (ikaskuntza eta tutoretza zereginetarako) martxan den bezala, ARIZMENDI osorik hartzen duen harremanetarako ditugun kanalak mantenduko ditugu. Bereziki, IKASTOLAKO BIZITZA. Kanal honek astero gure martxa orokorraren berri emango digu, baita kanpotik datozkigun mezu eta albisteak ere. Deskuiduan, egoera bereziren bat sortuko balitzaigu, aparteko oharra edo jakinarazpena zabalduko dugu.  

Horrez gain 943 77 20 25 telefono zentralita egunero atendituta egongo da goizeko 08:00etatik 18:00etara, hau da, ohiko ordutegian eta arizmendi@arizmendi.eus helbide elektronikora idazteko aukera ere badago.

Ikasteko ordutegiak

Etxetik lanean ari bagara ere, ikasleen ohiko ordutegia errespetatzea komeni da. Gorago esan dugunez, energiak dosifikatu behar dira; lana, kontzentrazioa eta denbora ludikoak konbinatuta. Asmo horrekin baliabide askotarikoak eskaini ditugu. Edonolako kezka sortuz gero, irakaslearekin komunikatu, mesedez. 


ERDU (0-6 urte) egoera

HHn eginkizun nagusiak familiekin komunikazioa ez etetea, hurbiltasuna ematea eta baliabideak eskaintzea seme-alabekin etxean ekintza desberdinak egin ditzaten izango dira. 

Martxan jartzen ari gara sites bat, HH osorako, eta bertan baliabide desberdinak igotzen joango gara familiek eskura izan dezaten Alexiaren bitartez. Prest dagoenean datorren astean familiek honen berri izango dute.

Azpimarratu HHn ez ditugula bidaliko etxerako lanak, adin honetako haurrekin ez baitzaigu esanguratsua iruditzen gisa honetako praktikak martxan jartzea, baliabideak eskainiko ditugu familiek beraien seme alabekin jolastu dezaten.


GURA (6-10)  egoera

Ikasleek etxean lanean jarraitzeko beharrezko materiala izateaz arduratu gara orain arte. Era berean, aipagarria da gurasoak egiten ari diren lan itzela euren seme-alaben akonpainamenduan. Honetan laguntzeko, Sites bat sortzen ari gara; bertan familiendako lagungarri izan daitezkeen hainbat baliabide eta astea planifikatzen laguntzeko jarraibideak partekatu gura ditugu. Aurrerago emango da honen berri.

Adin hauetan, ez da hain erraza bidalitako lanaren gaineko feedbacka ikasleekin egitea eta laguntza zuzenean eurei bideratzea. Horregatik, garrantzizkoa iruditzen zaigu gurasoek irakasleei laguntza eskatzea edota zalantzak adieraztea beharrezko ikusten duten guztietan.


BATU (10-14) egoera

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan ordenagailuen bidez komunikazio zuzena daukate ikasleek euren irakasleekin, eta honela ari gara bideratzen ikasleen jarraipena. Guzti honetarako, ikasleak autonomia garatzen ari diren arren, gurasoen laguntza garrantzitsua da; bai zalantzekin blokeatu ez daitezen eta baita erritmoa eta denbora neurtzeko ere. Era berean, gurasoek ere, edozein zalantza izanez gero irakasleen laguntza jasotzeko aukera dute. 


IZEN (14-18) egoera

Ohiko klase-ordutegia errespetatuta, ikasleei lehenengo hamabostaldirako zeregina, epeak, jarraipena egiteko moduak, zein irakasleekin harremanetan jartzeko bideak jasotzen dituen plangintza helarazi die tutore bakoitzak. Beraz, zer egin, nola eta noizko badakite ikasleek.

Material digital eta plataforma berberak erabiltzen jarraituko dugun arren, klase ez-presentzialak ordezkatzeko bide digital berriak jarri dituzte martxan irakasleek  ikasleekin zuzeneko harremana areagotu eta jarraipena egiteko: zuzeneko klaseak on-line, bideo-deiak, bideoz grabatutako azalpenak, audioak, bideo-tutorialak… martxan ditugu, dagoeneko.  

Bi-hiru egun hauetako balorazioa, orokorrean, ona da bai ikasle eta bai irakasleen aldetik. 

Familiekin harremanetarako, modu presentzialak ekidin eta orain arteko komunikazio-bideekin jarraituko dugu: Alexia eta bideo-txatak, nagusiki. 

Selektibitatea

Batxilergoko ikasleen eta hauen gurasoen galdegai eta kezka handienetarikoa selektibitate froga aurten nola izango den da. Ohiko datan ez dira egingo, herenegun, hilak 16, Espainiako Hezkuntza Ministerioak, Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak eta Autonomi Elkarteetako Hezkuntza Agintariek elkarrekin adostu zutenez. Ez dago artean data berria finkatuta. 


LANBIDE HEZIKETA egoera

Lanbide Heziketako lehenengo mailakoak zikloari dagozkion lanak etxean egiten ari dira zikloen arabera. Horretarako, Google Meet erabiliz, irakasleek antolatutako bideohitzaldietan parte hartzen dute ikasleek. Material didaktikoa partekatzeko Google Drive, Google Classroom eta Moodle erabiltzen ari gara. Gainera, uneoro zalantzak ebazten ari gara Gmail eta Txata erabiliz.

OLHko ikasleak, berriz, denak daude etxean eta ikaskuntza-prozesuan jarraitzeko etxean egiteko lanak egokitu zaizkie. 

Praktikaldia

Lanbide Heziketako Mikroinformatikako ikasle gutxi batzuk praktikak telelanaren bitartez egiten jarraitzeko aukera izan dute. Beste ikasle guztien praktikaldia eten egin da momentuz. 

Oinarrizko Lanbide Heziketakoak martxoaren 27an hasi behar zuten praktikaldia ere bertan behera geratu da.


IKT egoera

Ikastolan urteotan IKT eremuan egin dugun apustua egoera berezi honi aurre egiten laguntzen ari zaigu. Saio erabakigarri honetan ikastolako komunitate osoa -ikasleak, familiak eta profesionalak- bikain ari gara. IKT ardura dugun profesionalok ere etengabe ari gara lanean, ikastolan dugun egitekoaren zerbitzura. Egoera apartekoa izan arren, oso harro gaude guztion erantzun bikainaz eta erakutsi dugun mailaz.


HEZKUNTZA EZ FORMALA egoera

Haur Hezkuntza: martxan genituen tailerrak bertan behera gelditu dira.

Lehen Hezkuntza: eskolaz kanpoko ekintzak bertan behera gelditu dira; Aire Akrobaziak, Robotika eta LEK, Eskola Kirola, (gaur arratsaldean “LEK etxetik jolastuz” proposamena helaraziko dizuegu). Ikastolak bere normaltasuna berreskuratu arte horrela izango da.

Batxilergoa: Monitore Eskolako formazio saioak direla eta, Batxilergoa 2. mailako monitoreekin aurreikusita genuen irteera bertan behera gelditu da. Formazio saioekin jarraitzea da helburua. Ikastolen Elkartekoekin harremanetan gaude, saioak online emateko asmoz. 

Arizmendi Kirol Elkartea: egoera luze doala ikusita Arizmendi Kirol Elkarteko kideok beraien entrenatzaileen bitartez jokalari guztiei ariketa eta jarduera ezberdinak bidali dizkiegu. Etxean ere kirola egin daiteke eta horretarako erremintak eman dizkiogu. Hurrengo egunak modu aktibo batean bizi ahal izateko.

Udalekuak: LH-ko familiei gaur bidali diegu onartuak izan direla komunikatua, DBH-ko familiek apirilaren 1ean jasoko duzue.


ESKER ONEKO MEZUA

Lerro hauen bitartez esker oneko mezua, ikastola osatzen dugun profesional eta familien aldetik izandako erantzukizun eta elkartasun jarreragatik. Horrela bakarrik gainditu ahal izango dugu egoera hau.