BERRIAK

Konfiantzaren Pedagogia liburu batean: laburpena elkarrizketa bidez
KParen liburua

Azken asteotan, “Konfiantzaren Pedagogia, Arizmendi Ikastolaren markoa” liburuaren aurkezpena egin da bailaran eta gizartean, oro har. Orain liburua salgai dago ikastolako idazkaritzetan eta ELKAR saltokietan 19,50 euroren truke.

Liburua gaztelaniaz zein euskaraz dago eta hezkuntzaz jakin-mina duten guraso eta profesionalentzat argitaratu du Arizmendi Ikastolak, eta egile nagusia Amaia Antero ikastolako Berrikuntza Pedagogikoaren zuzendaria da.

Hiru ataletan banatzen da: elkarrizketa bat du hasieran, nolabait liburua laburbiltzen duena; Lorea Agirrek Amaia Anterori egindako elkarrizketa da. Ondoren, Konfiantzaren Pedagogiaren oinarriak daude eta azkenik, eranskinak.

Argazkiak

Hona hemen elkarrizketa:

– Zergatik ez digu pedagogia tradizionalak balio? Zergatik pedagogia eraldatu?
– Hezkuntzaren paradigma tradizionala, zuk eta biok ikasle moduan ezagutu duguna, eta egun ere neurri handi batean indarrean dagoena, agortuta dagoela diote hezkuntza-adituek eta sakoneko eraldaketa pedagogikoetan murgilduta dauden ikastetxe berritzaileek. Zergatik? Guk uste dugu bi arrazoi nagusi daudela. Bata, pedagogia tradizionalak ez dituela, nolabait esateko, pertsonaren garapenaren legeak errespetatzen. Eta, bestea, pedagogia tradizionalak ez dituela gure ikasleak egungo eta etorkizuneko beharretarako prestatzen.
Lurraren zati honetan, etengabeko aldaketan bizi gara. Aldaketa horien erritmoa, gainera, oso azkarra eta bizia da, eta horrek ziurgabetasuna sortzen digu. Ezer gutxik irauten du bere horretan. Ezagutzak transmititze hutsaren logikak, beraz, ez du askorik balio.
Aldaketa eta ziurgabetasuna nagusi diren gizarte honetan, ordea, gure ikasleei ez zaie eskatzen dakitena erreproduzitzea. Dakiten horrekin erantzun berriak topatzeko gai izatea baizik, eta hori elkarlanean eta egungo gizarteak eskaintzen dituen baliabide digitalez baliatuta egiten jakitea, gainera. Iraganeko hezkuntza-paradigmak iraganeko beharrei erantzun die. Baina jada ez digu balio.
Horrek esan nahi du gure hezkuntzaren inguruko usteak, printzipioak, praktika eta prozedurak zalantzan jarri behar ditugula.
Laburbilduz, uste dugu badirela hainbat arrazoi esateko eraldaketa pedagogikoa ezinbestekoa dela. Eskolaren planteamendu tradizionalak ez die egungo gizartearen beharrei erantzuten eta, are gutxiago, etorkizunekoei. Eta, horrez gain, gaur pertsonaren psikologiaz, zirrarez, burmuinaren funtzionamenduaz dakigunak erakusten digu badagoela beste era batera ikastea eta irakastea.

– Zer da konfiantza?
-Segurtasunarekin eta ziurtasunarekin lotura estuan ulertzen dugu konfiantza. Gure haurrek eta gazteek euren buruarengan, besteengan eta inguruan segurtasuna duten heinean garatuko dituzte beren gaitasunak. Beste era batera esanda: gure ikastolako haur edota gazte bakoitzak bere buruarengan konfiantza izan dezan lortu nahi dugu, hau da, bere burua baliotsutzat jo dezan. Eta, era berean, besteengan eta inguratzen duenarengan konfiantza izan dezan. Horrela lortuko baitu prest egotea, bere gaitasunak deskubritzeko, garatzeko eta zoriontsu izateko. Eta, alderantziz, bakoitzak bere gaitasunak ezagutu eta bizitzetik dator konfiantza. Zerbaitetan edota norbaitengan konfiantza izateko, zertan fidatua izan behar dugu, zerbait ikusi behar dugu ona, baliozkoa… Konfiantza ez da airean eraikitzen, sendotasuna ematen duen oinarri batean baizik.

-Zergatik konfiantza jarri pedagogiaren erdigunean?
-Galdera hori funtsezkoa da. Guk uste dugu, eta zientziek berretsi egin digute, pertsona haurtzaroan eta gaztaroan konfiantza giroan hazten bada, alegia, bere buruarengan eta besteengan konfiantza izan dezan behar dituen baldintzak eskaintzen bazaizkio, hezkuntza-ibilbidean zein bizitzan zehar sortuko zaizkion erronkei eta zailtasunei erantzuteko gaitasuna garatuko duela.
Beraz, ikasleak konpetenteak izan daitezen, lehenik eta behin konfiantza sentitu behar dute euren buruarengan; guraso, irakasle zein ikaskideengan eta beren inguruarengan. Konfiantza funtsezkotzat jotzen dugu haur eta gazteen hezkuntza-ibilbidean.

-Zertan oinarritzen da Konfiantzaren Pedagogia?
-Konfiantzaren Pedagogiaren oinarri-oinarrian pertsonaren gaineko ikuspegi jakin bat dago, eta ikuspegi horretatik eraiki dugu gure pedagogia. Pertsonari pertsona oso izaten eta zoriontsu izaten laguntzea helburu duen pedagogia. Pertsona ikusteko modua, pertsonarekiko jarrera eta jokaera jakin bat daude, beraz, pedagogia horren oinarrian.
Pedagogia hori praktikatzen dugunon ikuspegitik, pertsona bakoitza bakarra da, errepikaezina. Gutariko bakoitzak gaitasun jakin batzuk ditugu, behar batzuk, zailtasun batzuk, proiektu eta amets batzuk. Elementu horien arteko konbinazioa bakarra da pertsona bakoitzarengan.
Pertsona, jaiotzen den unetik beretik, hainbat gaitasunekin dator mundura eta, testuinguruak laguntzen dion neurrian, gaitasun horiek deskubritzen, eguneratzen eta garatzen joango da bizitza osoan zehar.
Uste dugu, gainera, ikasleari bere ikasprozesuan laguntzekotan, pertsona ezagutu egin behar dugula ezinbestean. Konfiantzaren Pedagogiak pertsona horrek nola funtzionatzen duen ulertzen laguntzen dio hezitzaileari. Zergatik eta zertarako jokatzen duen modu jakin batean. Zein diren haren oinarrizko beharrak eta horiei nola erantzun modu egokian. Zertan eta nola lagundu pertsona oso moduan garatzen.

-Konfiantzaren Pedagogiak gaitasunak, beharrak, zailtasunak eta ametsak hartzen ditu kontuan. Zergatik?
-Horrek guztiak osatzen duelako pertsona, baita besteekiko harremanen eta taldetasunaren eraikuntzan ere. Gaitasunak ditugu, eta horiek bizitzeak, horien kontzientzia izateak eta horien bitartez ingurukoei gure ekarpenak egiteak bete egiten gaitu, eta zentzua ematen dio gure bizitzari.
Gaitasun eta ahalmen horiekin batera, funtsezkoak diren hainbat behar ditugu: errekonozitua sentitzeko beharra, maitatua izateko beharra, segurtasuna sentitzeko beharra, gure erritmoetan errespetatua izateko beharra, eta horiek garapen egoki baten bidean landu beharrekoak dira.
Eta zailtasunak, jakina. Jaiotzatikoak zein testuinguruak eragindakoak. Sortzetik bertatik hainbat zailtasunekin gatoz bizitza honetara gutako asko. Beste batzuei, berriz, testuinguruak laguntzen ez digulako edota bizitzako ezusteko eta kolpeen ondorioz, zailtasunak sortzen zaizkigu, eta horiei aurre egiten ikastea ere ezinbestekoa da gure garapenerako.
Gaitasunak, beharrak, zailtasunak eta ametsak edo, nahiago baduzu, proiektuak ditugu, edo, hobeto esanda, behar ditugu. Gure bizitzari zentzua ematearekin du zerikusia azken ideia horrek. Gure gaitasunak garatzearekin batera, beharrak asetzearekin batera eta zailtasunei aurre egitearekin batera, gure egitekoa, gure ekarpena, gure bizitza-proiektua zein den definitzeko eta gauzatzeko premia daukagu.
Eta hemen bada garrantzitsua iruditzen zaigun beste ideia bat: nekez landuko ditugu gaitasunak, beharrak, zailtasunak, ametsak… gure ikasleekin edota seme-alabekin, geureak deskubritzen ez ditugun artean. Konfiantzaren Pedagogian haur eta gazteekin proposatzen dugun ezagutza eta esku-hartzea norberaren buruarekiko esku-hartzetik hasten da.

-Konfiantzaren Pedagogiak nondik edaten du? Zer oinarri zientifikotatik elikatzen da?
-Lehen esan dugun moduan, Konfiantzaren Pedagogiaren oinarrian pertsona begiratzeko modu bat dago, psikologia humanistarekin bat egiten duen ikuspegia. Pertsona bakoitzaren singulartasuna eta pertsona bakoitzak bere burua ezagutzeko eta garatzeko duen gaitasuna dira psikologia humanistaren funtsa, eta guk ere horretan sinesten dugu.
Pertsonaren jokaera eta garapena ezagutzeko eta esku-hartzeko, zientziaren zenbait diziplinatara jotzen du Konfiantzaren Pedagogiak: pertsonaren alderdi psikologikoaren inguruko azalpenak ematen dizkiguten iturrietara batetik eta pertsona horren pentsamenduarekin eta ikaskuntzarekin loturiko oinarrietara bestetik.
Etologia da bat, eta irakasten digu gizakiok hainbat sen ditugula. Sen horiek pizten direnean pertsonak ematen dituen seinaleak interpretatzen jakitea eta behar horiei egoki erantzutea garrantzitsuak dira, pertsonaren garapen emozionala eta kognitiboa harmonikoak eta egokiak izan daitezen.

Konduktismoak erakusten digu gure portaerak ikasi eta moldatu egiten ditugula errefortzuen edota zigorren bidez, eta Konfiantzaren Pedagogiaren ikuspuntutik horrek pertsonaren garapenean duen eragina azaltzen saiatzen gara. Ikaskuntzaren zati handi bat imitazio bidez egiten dugula ere azaltzen digu korronte horrek, eta horren aurrean hezitzaileok dugun egitekoaz jabetzen ahalegintzen gara gure pedagogian.

Pedagogia soziokonstruktibitatik, bestalde, ikaslearen ikasprozesua eta ikasteko modua ulertzeko hainbat gako datozkigu, hots: benetako ikasprozesua egoera esanguratsu eta errealetan eraikitzen dela eta, gainera, eraikuntza soziala dela; alegia, taldean ikasten dugula.
Psikologia kognitiboak laguntzen digu, gure ikasleei euren ikaskuntza diseinatzen, antolatzen eta eraikitzen laguntzen.
Neurozientziak, garunaren funtzionamendua aztertzen duten zientziak, ikasprozesuan zehar garunean gertatzen diren fenomeno neurologiko, fisiologiko eta kimikoak azaltzen ari dira azken urteotan. Eta arlo horretan egiten ari diren ikerketei esker badakigu emozioak edo zirrarak, inkontzientea eta garunaren plastikotasuna, esaterako, oso kontuan hartu beharreko elementuak direla gure ikasleen ikasprozesuan.

-Nola aplikatzen da Konfiantzaren Pedagogia?
-Hiru eremutan esku hartzen du Konfiantzaren Pedagogiak: haur eta gazteen zaintza eta garapena bermatuz, eurentzako testuinguru seguru bat sortuz, eta irakatsi eta ikasteko prozesu eraginkor eta gozagarri baterako baldintzak eskainiz.
Lehen eremuan, gure haur eta gazteek euren buruarengan eta besteengan konfiantza izan dezaten hezitzaileok eskaini beharreko baldintzak jasotzen ditugu. Bigarren eremuak, testuinguruarenak, inguratzen dituenarekin gure ikasleak seguru eta konfiantzan senti daitezen eskaini beharreko baldintzak jorratzen ditu. Eta, azken eremuan, irakatsi eta ikasteko prozesua arrakastatsua, gozagarria eta eraginkorra izan dadin kontuan izan beharreko baldintzak lantzen ditugu.

-Pertsonaren zaintzaz eta garapenaz zer dio?
-Pertsonaren zaintzaren eta garapenaren alorrean, bost baldintza hartzen ditu aintzat: lehena, haurrari pizten zaizkion senei sentikortasunez eta egoki erantzutea; bigarrena, ikasleak dituen gaitasunak identifikatzea, balioestea eta lantzea; hirugarrena, zailtasunak garaiz hautematea, kudeatzen laguntzea eta nondik datozen jakitea; laugarrena, zailtasunek sor dezaketen sufrimenduarekin enpatizatzea eta bidea egiten laguntzea, eta, bosgarrena, zaintzaileak ere zaintzea.
Galdera sorta batekin uler liteke argiago. Une batez zure semea, zure alaba, zure gelako haur edo gazteren bat gogora ekarriko bazenu, zer jakingo zenuke esaten haren gaitasunez eta potentzialez? Zertan da bereziki ona? Zer eginez ikusten duzu pozik eta zoriontsu? Adierazi diozu hitzez berarengan ikusten duzun hori? Zertan uste duzu laguntzen diola zuk hori hitzez adierazteak?
Eta beste hainbeste, zailtasunen inguruan. Zenbaitetan, kontuan hartu beharreko portaerak ikusten ditugu gure neska-mutikoengan: ikaskideekin, irakasleekin edota gurasoekin portaera oldarkorrak; interes eta motibazio falta nahiko orokorra; arretari eusteko zailtasunak; ikaskideekin loturak eraikitzeko zailtasunak edota lagun batekiko edo batzuekiko mendekotasuna. Ikusten al ditugu zailtasun horiek?, eta zailtasun horien aurrean neskak edo mutikoak zer sentimendu dituen? Zer laguntza behar du horiek gainditzeko? Eta haur eta gazteak zaintzen ari den hori (hezitzailea, gurasoa, irakaslea) nork zaintzen eta laguntzen du?

-Testuinguruaren baldintzak ere garrantzitsutzat jotzen ditu.
-Oso. Lau baldintza daude testuinguru osasungarri bat lortzeko. Lehena, komunitatearekin lotura egitea, familia eta gizartea lotzeko, denen artean konfiantza sustatzeko eta haurrak konfiantza-giro horretan hezteko.
Bigarrenak eskatzen du espazioa eta denborak kontuan izatea. Espazioari dagokionez, argi dugu gure planteamendu arkitektonikoak planteamendu pedagogikoari erantzun behar diola, eta ez alderantziz.
Denboraren ikuspegitik, haurraren erritmo biologiko eta kognitiboak ezagutzea eta errespetatzea ezinbestekotzat jotzen dugu.
Hirugarren baldintzak gelan giro atsegina sortzea du helburu, ikasleak motibatuta egon daitezen, laguntza eta elkarren arteko zaintza egon dadin, arreta jarri ahal izan dezaten, eta beste. Horretarako, harreman osasungarriak eraikitzea eta komunikazio-modu ez-bortitzak garatzea bilatzen dugu.
Azken baldintzak haurrak eta gazteak taldekatzearekin du zerikusia. Taldekatze egokiak egin ahal izateko, taldekideen sen, gaitasun eta zailtasunak batetik; euren arteko harremanen nolakotasuna bestetik; neska-mutilen arteko harreman berdinzaleak hirugarrenik, eta euskara-gaitasuna eta lidergoak azkenik hartu behar dira kontuan, denek bide arrakastatsua egin dezaten.

-Hirugarren eremuak ikasteko moduarekin du zerikusia, ezta?
-Bai, eta motibazioa mobilizatzea, ikaskuntza aktiboa ardatz izatea, ebaluazio hezigarria praktikatzea eta adimen aniztunak lantzea du helburu.
Motibazioa da guztiaren motorra, eta hori piztea ezinbesteko baldintza da ikasprozesuan. Horrek aktibatu beharra dakar. Horren harira zientziak esaten digu eginez eta egiten duguna besteei azalduz ikasten dugula ondoen eta gehien. Hori horrela bada, benetako ikaskuntza lortzekotan, ikasleak entzuten eta ikusten ordez egiten, eztabaidatzen eta azalpenak ematen jarri behar ditugu.
Ebaluazioak kalifikatzailea barik hezigarria behar du izan: ikasteko tresna bat, alegia. Horregatik, besteak beste, ezinbestekoa da ikasleen motibazioan eta autoestimuan duen eraginaz jabetzea; eta ikasleek euren burua ebaluatzen ikastea eta nola hobetu jakiteko beharra dutela konturatzea ere funtsezko ikasketa da aurrera egiteko.
Adimen aniztunak lantzeaz ari garenean, bakoitzak bere baitan dakartzan gaitasun horiek bizi eta landu ahal izateaz ari gara. Gure interesek, gure zaletasunek, gure bokazioek asko esaten digute gaitasun horiez, eta, beraz, gure lehen egitekoa da gure ikasleen adimenak identifikatzen ikastea. Horri esker jakingo dugu adimen mota guztien artean zein diren ikasleak mantendu behar dituenak, zein diren hobetu behar dituenak eta zein landu behar dituenak.
Horrekin guztiarekin, hauxe bilatzen du Konfiantzaren Pedagogiak: pertsonari bere hezkuntza-ibilbidean laguntzea, bere buruarengan, besteengan eta inguruan konfiantza izan dezan, bere gaitasunak ahalik eta ondoen garatzeko.