
Arizmendi Ikastolak “Konfiantzaren Pedagogia, Arizmendi Ikastolako markoa” liburua aurkeztu du gaur goizean Basapeazpin, ikastolak Aretxabaletan duen gunean. Bertan egin den prentsaurrekoan Aitziber Arregi, lehendakaria; Iñaki Etxezarreta, zuzendari orokorra; Amaia Antero, Berrikuntza Pedagogikoen zuzendaria eta liburuaren egilea eta Eli Villar irakaslea eta liburuaren ilustratzailea izan dira.
Liburu hau Konfiantzaren Pedagogiaren oinarrian dauden elementuak modu ulerterrazean azaltzeko asmotan idatzi da. Amaia Anterok, liburuaren egile nagusiak, adierazi duenez, “Konfiantzaren Pedagogiaren oinarri-oinarrian pertsonaren gaineko ikuspegi jakin bat dago, eta ikuspegi horretatik eraiki dugu gure pedagogia. Pertsonari pertsona oso izaten eta zoriontsu izaten laguntzea helburu duen pedagogia.”. Liburuak hiru esku-hartze eremu eta hamahiru adierazle deskribatzen ditu edozeinek erraz ulertzeko moduan, eta liburuaren laburpen modura hasieran elkarrizketa bat jasotzen du Lorea Agirre kazetariak egileari egiten diona.
Hezkuntza arloan lanean diharduen edozein profesionali eta hezkuntza gaien inguruan interesa duen gurasoei zuzenduta dago. Bi argitalpen egin dira, euskaraz eta gazteleraz, eta aste honen amaieran dendetan eta ikastolan bertan salgai egongo dira.