
Aurten bi formazio eskainiko ditu Arizmendi Ikastolako Guraso Eskolak. Alde batetik, Haur Hezkuntzako haurraren ezaugarri eta orientabideen inguruko formazioa emango du Arantza Lejarragak, Arizmendi Ikastolako HHko pedagogoak. Bestetik, orain bost urte sortu zen taldeak sakontze-ikastaroa izango du Rafael Cristobal psikiatraren gidaritzapean.
Zazpi saio izango dira guztira, eta Uribarrin (Arrasate) egingo dira azaroan hasita. Hilabete bakoitzeko larunbat goiz baten bi orduko saioak emango dira (10:00-12:00). Seme-alabekin joan ahal izateko zaintza-zerbitzua egongo da. Prezioa, 130 euro. Ikastolako gurasoentzat ez ezik, edozein gurasorentzat ere bada eskaintza hau. Interesa dutenek izen-ematea azaroaren 12ra arte egin dezakete ikastolako webgunearen bitartez.
Gurasoen kezketatik eta beharretatik abiaturik 2009-2010 ikasturtean sortu zen Guraso Eskola Rafael Cristobal haur-psikologian adituaren gidaritzapean. Guraso izaten laguntzeko etengabeko trebakuntzara bideratuta dagoen zerbitzua da Guraso Eskola, eta trebakuntzarako ez ezik, elkarrizketarako eta hausnarketarako gune ere bada. Helburu nagusia da gurasoei euren seme-alaben heziketan laguntzea.