BERRIAK

KOMUNIKATU INSTITUZIONALA III

Aste bat gehiago gaindituta
Bi aste oso bete ditugu gure ikasleak etxean egoteko eta horiekin batera guraso eta gainerako senideak itxita jarraitzeko agindua jaso genuenetik. Plazaratzen zaizkigun datu ofizialek adierazten dutenez eta gure aurretik antzeko egoera pairatzen hasi ziren beste lurraldeetako informazioa aintzat hartuz gero, luzaroan biziko dugun egoera izango dela dirudi. Beraz, norberaren barruko indarra eta elkarrekin duguna baliatzen jarraitu beharko dugu. Animo!

Etxeko lanak
Ikasleen, gurasoen eta irakasleen arteko joan-etorri telematikoak, telefonikoak edota paper bidezkoak beren bidean doazen aldi berean, gogoratu behar dugu egoera honek berak eskaintzen digula ikaskuntza akademikotik haratago bizitzen ikasteko aukera ezin hobea, norberak bere buruarekin eta etxekoen artean elkarrekin. Ez da erraza, denok ez ditugu baldintza berdinak, baina horretan saiatzea inportanteena da. Jakite akademikoak bere lekua behar du, noski. Baina egoera berriari erantzuten jakitea da nagusiena.

Ikastola irekita
Zuzendaritza Taldeak eguneroko kudeaketan dihardu, telelanaz besterik ez bada. Aldi berean, FERIXALEKU dugu jarduera presentziala bermatzeko lantokia. Administrazio saila, Giza Baliabideen saila eta Idazkaritza hor bertan ari dira era guztietako harremanak artatzen, aurrez aurrekoak barne, agintariek bestelakorik ezartzen ez duten bitartean. Osasuna zaintzeko neurriak beteta, jakina.  

Selektibitatea
Aurreko astean iragarri genuenez, oraingoan bai selektibitateaen frogak egiteko datak adostu dituzte Espainiako Hezkuntza Ministerioak, Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak eta Autonomi Elkarteetako Hezkuntza Agintariek elkarrekin. Segidan, Eusko Jaurlaritza Hezkuntza Sailak finkatu ditu uztailaren 6a, 7a eta 8a Euskal Autonomi Erkidegoko ikaslentzako azterketa-egunak. 

Lanbide Heziketako praktikak
Aste honetan Espainiako Hezkuntza ministerioak FCT modulua burutzen ari diren eta etxean geldik dauden ikasleendako ondorengo neurriak hartu ditu, ikasleei Heziketa Zikloko titulazioa lortzeko aukera emateko, besteak beste:

  • Praktikaldien ordu kopurua 385 izatetik 220 ordutara murriztuta geratu da.
  • Ordu kopuruaren galera konpentsatzeko, ikasleek Proiektu bat egin beharko dute beraien etxeetan (ikastolatik koordinatuko dugu hau).

Mikroinformatikako 2. mailako ikasleen kasuan, gaur bideokonferentzia bidez, etxean egin beharko duten Proiektua azaldu zaie. Proiektu hau entregatzea derrigorrezkoa da ikasturtea gainditzeko eta FCT moduluaren txostenarekin batera entregatu beharko dute praktikaldiak bukatzerakoan.