
Ibarrako UZTURPE IKASTOLAk 2022 IRRIBARRA leloaz antolatzen dugu aurten Kilometroak. Ikasturtean zehar, euskal kulturaren atal garrantzitsua den eskulturaren lanketa eta zabaltzeari tokia egin nahi diogu.
ARTEA, EUSKARA eta IRRIBARRA kontzeptuak batuz, IRRIBARTEA izeneko egitasmoa jarri dugu abian, eta 40 euskal eskultoreen babesa jaso dugu.
Euskal eskultoreek eskainitako lanak apirilaren 28an hasi eta 15 egunez Ibarrako Benito Izagirre Kultur Etxean izango dira ikusgai. Eskulturak salgai izango dira erakusketa gune berean edo web orrian. Bestalde, UZTURPE IKASTOLAko ikasleekin erakusketara bisitaldiak eta eskulturen lanketa pedagogikoak egingo dira. Ikasleek ere eskulturak sortuko dituzte, eta, horietako bat abiapuntutzat hartuz, euskal eskultore batek gauzatuko du. Aldi berean, formazio pedagogikoa egingo da irakasleentzat. Bukatzeko, Tolosaldeko ikasleak gonbidatuko dira erakusketa bisitatzera.
Urriaren 2an KILOMETROAK 22 bukaerako ospakizun egunean, eskultura gune bat kokatuko da, haurrek eskultoreekin batera material desberdinak sentitu eta landu ditzaten elkarrekin.
Sinatuta: Ibarrako Uzturpe Ikastola