BERRIAK

Kantuen hazi eta bizi

Basabeazpi guneko kideek hamabi abesti sortu dituzte ‘Kantuan hazi eta bizi‘ proiektuaren baitan; doinu samurrak eta tokiko berbak erabili dituzte. Ilusio handiarekin egindako bildumatxo hori ostiralean, abenduaren 13an, aurkeztuko zieten familiei.

Egun bereziak datoz, bereziki haurrentzat. Magia, ilusio, opari eta itxaropen egunak. Osagai horiek guztiak bildu zituen aurreko egunean Basabeazpin aurkeztu zuten “Kantuen hazi eta bizi” proiektuak.

Magia, ikastetxean proiektatu zituzten 12 bideo musikaletan parte hartu zuten haurrek eta familiek jarri zuten. Ikastolan hasieratik amaierara sortutako abestiak: melodiak, letrak, irudiak, audio eta bideo grabazioak …

Urteetan zehar gure nagusiek utzi diguten ondare kulturala biltzen joan dira, beste hainbat proiektuetan erabili izan dutena. Oraingoan, ilusio handiz,, kantuen bidez ondare hau gehitzeko asmotan egin dute proiektua eta bide batean, herriari eskaini. Azken finean, hori da Arizmendi ikastolakoa izatearen arrazoietako bat.

Ikuskizuna amaitutakoan eraman zuten oparia. Haur guztiek, proiektatutako material guztiarekin, usb bat lepoan zintzilik eraman zuten. Opari ederra, beraiek baitira benetako protagonistak. Euren etxeetan, kalean edo ikastolan kantatuz, herri ondareari lagunduko diote aurrerantzean.

Gainera, proiektu hau sortzean bizi izandako esperientziei esker, gizarte kolaboratzaileagoa, bidezkoagoa eta euskaldunagoa lortu daitekeen itxaropen mezua ere zabaldu dute.

12 abestiak doinu erraz eta laburrekin sortu dituzte, 6 urtera arteko haurrengan pentsatuz. Baina ekoitzi aurretik, horiek beren gaitasunak garatu ahal izan dituzte komunitatearekin batera; Jeanette Bragado logopedak, hobeto abesteko hainbat teknika irakatsi zizkien. Jon Pagaldairekin, perkusio elementu ezberdinekin musika sortzen ikasi zuten. Aretxabaletako Abesbazta taldearekin, ahotsaren tonu eta aukera ezberdinak landu zituzten. Jaiki dantza taldearekin, gorputz adierazpena landu zuten. Juanito Akizuk, bideoa hasteko erabili zuen bertsoa idatzi zuen. Eñaut Zubizarretarekin biolontxeloaren sekretuak deskubritu zituzten. Eta Jabier Etxebarrietak “Patas”, musika tresnak sortzeko modu ezberdinak irakatsi zizkien. Argazkiak.