BERRIAK

Kanpo espazioetan hazi eta hezi

Haur Hezkuntzan izan zuten formazio egunetan pandemia momentu hauetan ikastolako pedagogia kanpo espazioetara zabaltzea zein garrantzitsua den hausnartu zuten. Naturan heztean kokatzeko formazio txiki bat jaso zuten eta ikasturte honetarako hainbat erronka ezarri. Azkeneko urteetan indar handiak jarri ditugu Konfiantzaren Pedagogia ikastola barruan garatzeko: familiarizazioan, espazio eta denboren diseinuan, proiektuen garapenean, hezitzailearen rolean, etab. 

Orain, erronka, Konfiantzaren Pedagogia ikastolako kanpo espazioetan eta herriko hainbat espazioetan garatzea da. Basoeskolen filosofia eta esperientziatik edatea da helburua;  hainbat aspektu gurera ekarri eta gure errealitatearekin uztartzea.

Haur Hezkuntzako lankidea den Mireia Baz Ozaetako Plista-plasta basoeskolan eta Marietako Orbela basoeskolan lanean aritua da eta esperientzia handia dauka gaiaren bueltan; erronka honi aurre egiteko bidelagun ezinhobea dugu. Azkeneko bi aste hauetan  Haur Hezkuntzako profesionalek, gunez gune,  Mireiaren eskutik basoeskolen esperientzia gertuagotik ezagutzeko aukera izan dute Naturan Heztearen bueltan formazioa jasoz.

Formazio honetan, jolas askea eta espontaneoaren garrantziaz aritu dira; jolasa mundua behatzeko eta eraikitzeko bidea baita. Berezko jolas askean, haurrek aukeratzen dute norekin, non eta zertan aritu nahi duten. Ekintza bakoitza bere interesetik sortzen da eta beti beraiek definitzen dute gainditu dezaketen eta gainditu nahi duten zailtasun-maila. Horrek zera eragiten du: hainbat aukera esploratzeko, esperimentatzeko, ekimen pertsonala hartzeko, arriskatzeko eta konturatu gabe, beren burua gainditzen duten esperientziak bizitzeko aukera.

Hala ere, jolas librea sustatu eta aberastu ahal izateko, zuzendutako jokoarekin ez nahastea ezinbestekoa izango da. Beraz, helduaren papera, haurraren bidelagun izatea da; bere joko abenturan hura zuzendu gabe aldamenean egotea.

Landu duten beste alor bat, jolasean sortzen diren arriskuena da. Garrantzitsua da helduok gai honen bueltan asko hitz egitea eta gureak, helduonak diren eta haurrarenak diren beldurrak desberdintzea. Ez du ezertarako balio haurrekin parkera edo mendira joateak, gure beldurretan oinarritu eta ez badiegu ezer egiten uzten. Haurrei ingurua arriskuz beteta dagoela helarazten badiegu, ez dira seguru sentituko eta ez diegu beraien bidea egiten lagunduko. Haurrengan konfiantza izan behar dugu eta beraiek indartzen saiatu behar gara gure mezuen bidez. 

Benetan sinisten dugu naturan gure Konfiantzaren Pedagogia garatzeak maila fisiko, kognitibo eta emozionalean haurren garapena aberasten duela; zientifikoki ere frogatuta dago. Haurren garapen osasuntsu baterako naturarekin harreman zuzena izatea funtsezkoa dela argi dugu. Horregatik, kanpo espazioetan gure pedagogia garatzen joatea da gure helburua.

Familiekin gaiaren bueltan hausnarketa eta lanketa egitea ere funtsezkoa da guretzako; bidelagun baikara haurren garapen prozesuan eta ongizatean.