
Aurreko astean EUSPOTeko lehenengo formazio saioa egin zuten Almenekoek. Aste honetan, asteartean, Athlonetik Garikoitz Ibarzabal eta Gorka Gabilondo egon ziren ikasleekin aurtengo EUSPOT gaia lantzeko. Gaztelupekoak ere jarri dira martxan. Eskema bera jarraituz Artemanekoekin eta Athlonekoekin egin dituzte saioak egun hauetan.
Ostegunean egin zituzten lehenengo saioak Gaztelupekoek. Guztira 120 ikasle inguruk hartu zuten parte saio hauetan. Talde desberdinetan banatu eta Artemanekoekin eta Athlonekoekin landu zituzten EUSPOT lehiaketaren alderdi desberdinak. Lehenengoekin publizitatea kanpainak ikusi, mezuak nola landu, bideoak nola editatu… Bigarrenekin, aldiz, osasunaren inguruan hausnarketak egin zituzten: jarduera fisikoa, desplazamendu aktiboak, sedentarismoa, obesitatea, atseden aktiboa, elikadura osasuntsua… Garik eta Gorkak saioa Osasun Munduko erakundeak ematen duen aholku batekin amaitu zuten: egunean 60 minutuko jarduera fisikoa egin behar dutela. Almenekoen eta Gaztelupekoen argazkiak.